Utzi Saharako Herriaz bate egiteari

27.02.2021 | 00:38

Ez nuen artikulu hau idatzi nahi. Ez dut oso argi zergatik, baina astebetez ibili naiz zalantzatan idatzi ala ez idatzi. Haatik, arantza bat nuen sartuta, eta hau idatzita, arantza hori atera egin dut. Eta orain badakit zergatik ez nuen idatzi nahi: jadanik idatzia dagoelako urteak daramatzatela bere lurraldetik at errefuxiatu bizitzen eta eguraldiren enbatak pairatzen basamortuaren basamortuan. Idatzia dago nazioarteko elkartasunetik bizi direla, Sahara aberatsa badarik ere. Idatzia dago Saharako baliabideak Marokoko erregimenak ustiatzen dituela eta Mendebaldeko Saharan Maroko okupatzailea eta zapaltzailea bada ere, Espainia dela potentzia administratzailea oraindik. Espainiak sahararrei laguntzeko konpromisoa hartu zuen Nazioarteko komunitatearen aurrean, eta Espainian inoiz egon (omen) den gobernurik aurrerakoienak ez du ezer onik egin azaroaz geroztik berriro piztu den gerra amai dadin. Otsailak 27 dituen honetan 45 betetzen dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zenetik, eta harrotasunez aterako gara kalera Sahara aske izan behar dela aldarrikatzeko, baina batez ere Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuen Erakundeari esku-hartze azkar eta irmo bat eskatzeko, legez kanpoko okupazioari eta Mendebaldeko Saharako lurraldeko ondasunen espoliazioari amaiera eman, eta Saharako Herriari kendutako eskubideak itzul dakizkion. Hitz politekin ez etorri; utzi gaurgero Saharako Herriaz barre egiteari.

Más información