ertsona askori izenburuak harridura sortu dio, agian, gentrifikazio prozesuak (Gainbehera etorritako inguru bat, berrikuntzen ondorioz boladan jarri eta prezioen gorakada dela eta, bertako bizilagunek ezin dute bertan bizi. Prezioak ezin dituztelako ordaindu) hiriburu eta kostako herrietan espero ditugulako. Jakina denez, bada barne turismoa ere, mendia eta basoa helburu duena.

Azken horri helduz, Nafarroa Garaian aspaldi honetan gauzatzen ari den bilakaera turistikoa dela eta, etxebizitza topatzea oso arazo larria bihurtzen ari da, herri eta bailara batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Bailarako arazo larriena despopulazioa eta gizarte zahartzea dela uste duenik egongo da, zalantzarik gabe. Ene bada! Pirinioko herrietan dena ez da bukolikoa; egunkari eta telebista saioetan arduradun politikoei entzuten dizkiegun mezu errepikakorrak baino gauza gehiago gertatzen dira.

Herri zaindu eta paisaia eder hauen atzean, benetako bizitzak daude, pertsonon bizitoki. Toki guztietan bezala, gure bizitza erritmoak antolatzen du gure ingurunea: lanera joan beharra, ezberdinen artean adostasunak lortu beharra, egunerokotasuna, errutina... Honek berarekin dakar edozer gauza egin/bideratu/ lortu ahal izateko hamaika ate eta maratila kolpatu beharra.

Bi talderi eragiten die bereziki etxebizitza falta horrek: beraien herri eta bailaretan bizi proiektua egitea erabaki duten gazteei (familai proiektua izan edo ez) eta bertara lanera datozenei. Bi talde hauek behar eta errealitate desberdinak dituzte.

Testu honetan, lanera bertaratzen direnen kasua dugu hizpide. Normalki bailara hauetan lan eskaintzak honakoak dira: Administrazioari lotuak (Idazkari, Irakasle, mediku/erizain, albaitari...), zaintzari lotuak (populazioa zaharra denez zaintza lanek pisu handia dute) eta ostalaritza.

Hiru kasu hauetan arazo berarekin egiten dugu topo. Lanpostu horiek betetzera datozen langileek ez dute non bizi, ez delako premia horiek asetzeko aurreikuspenik egin, edoeta orain arte egindakoa ez delako nahikoa izan. Udalek ez dute baliabide ekonomikorik eta Nafarroako Gobernuari interesatzen zaion bakarra, "argazki" ederra saltzea da.

Bisitarien aisi eta plazerrak bertakoon egunerokotasunak baino gehiago balio du. Hau da, bizitarien begietarako manten dezagun ingurua eder, polit, eskuragarri... bisitariek izan ditzateken premia eta nahi guztiak betez; bertako bizilagunen egunerokotasuna bigarren mailan jarriz. Bai egia da, bailaran diru iturri garrantzitsua dela turismoa, baina bertakoen eguneroko bizitza kaltetzera iristeraino?

Alegia, herrien hobekuntza eta inbertsioak nabarmen norabide horretan doaz. Hau da, bisitarien erosotasuna lehenesten da, bertan bizi direnen ongizatearen aurretik.

Beste leku batzuetan entzuten diren erregulazio eta mugek hemen ez dute isladarik. Turismorako edozer da alokagai. Gainera, badirudi zure ondasuna ez baduzu turismora bideratzen, dirua galtzen duzula. Ez al du bada, urte osorako alokatzen duenak ere alokairua zintzoki ordaintzen?

Paradoxa da, aldi berean, zein ikuspegi kolektibo eskasa dagoen, helburua norbera salbatzea delarik. Zilegi izan daiteke jabetza pribatuaren kudeaketa eta jabetza horrekin zer egin erabakitzeko askatasuna izatea. Txundigarriena aldiz, premia duen hori ezagututa (oinarrizko zerbitzuetako langile, ostalaritzako behargina edo familiako kide kasu batzuetan) ere, negozio eredu pertsonal horri gogor eutsi nahi izatea da.

Baldin eta Turismoa bada apustu bakarra, laster parke tematikoak izango ditugu herriak beharrean. Gure aisialdirako prest dauden dekoratu polit eta idilikoak, zeinak opor eta aisi datetatik kanpo dekoratu huts izango diren.

Turismoak ere badu beste alde ilun bat: horren baitan bizi direnek ez dute luzera begirako garapen ekonomikorik; aldiz, turismotik at bizi direnek ezin dute bizi proiektua duintasunez garatu. Zergatik? Pirinioak ez duelako herri proiektu iraunkorrik.

Ez al du herritar orok duin bizitzeko eskubidea? Ez al du proiektu iraunkorrak bermatuko herritar orok duin bizitzeko baldintzak edukitzea?Adineko senidea egoitzan hartatzen dutenak, poteak zerbitzatzen dituenak, oinordekoak eskolan hezten dituenak, baita animaliak hartatzen dituen albaitariak ere.