Jaso Ikastolako Errektoretza Batzordeari, zuzendari pedagogikoari eta administrazio buruari. Jaso Ikastolak bizi duen kinka ekonomikoari aurre egin nahian, Errektoretza Batzordeak, zuzendariak eta administrazio buruak ikastolako parte hain garrantzitsu omen garen langileokin kontatu gabe, ekonomia-aholkularitza batera jo dute irtenbide bila. Ondorioz, besteak beste, sei lankide kaleratu dituzte eta oraindik ezagutzen ez ditugun bestelako murrizketak prestatzen ari dira zerbitzuetako langileen artean.

- Gu ere proiektuaren parte izanik, zergatik ez digute irtenbidea bilatzen laguntzen utzi?

- Zergatik ez dira baliatu horrelako egoerei aurre egiteko hitzarturik dauden mekanismoak?

- Zein egoeratan gara proiektuaren parte ezinbesteko eta noiz zokoragarri?

Inoiz denok batera lan egitea behar izan bada, orain da momentua eta egoeraren larriari indartsu aurre egitekotan elkarrenganako konfidantzaz ekin beharra diogu.

Aldiz, lankide batzuengan halako eragina duten erabaki gogorrak aldebakarrez hartu izanak elkarkidetza zapuzten du. Horren inguruan negoziatu ezin izanak konfidantza hausten du. Informazioa eskuratzeko zailtasunek giroa ilundu egiten dute.

Langileok egunero bultzatzen dugu proiektu hau eta gehiago eskatu zaigunean, eman egin dugu. Orain guk eskatzen dugu kontuan har gaitzatela, ikastolak atzera egin dezala eta elkarrekin saia gaitezela irtenbidearen bila.

Langileok ez gara arazoaren eragileak. Langileok konponbidearen parte gara.

*Jaso Ikastolako Langileon Batzarraren 50 langile