datuen xehetasun guztiak jakin gabe ere, irudipena dago aurten ere ez dela kukurruku jotzeko maneran bukatu ikasleen matrikulazio kanpaina. Uste, aurten ere beheiti-edo egin duela D ereduak -zertxobait, ez hala nabarmenki- gure prentsak bertzerik aditzera eman duen arren. Urtero egun hauen esperoan egoten garenetarikoa naiz. Jakin minez. Itxaropenez. Ez da seta hutsa. Behar baino gutiago izatea da gure ezbeharren iturria, eta gurasoek beren seme-alabendako ikastetxea eta hizkun-tza eredua hautatzeko egitate xume horren baitan dago egoera noizbait iraultzeko esperan-tza. Ez nago hain seguru horretaz gutako guztiak ohartuak diren. Gu baino jabetuagoak dirudite gaurkoa betikotzeko -eta are okertzeko ere- tema dutenek. Badira jadanik zenbait urte esperantza horrek ordain goxorik ez duela. Ahapeka baizik erraten ez den egia da, D ereduaren garapena geldirik dago gure herrialdean. Aurrera ez, orokorrean, eta atzera noski zenbait tokitan. Egoera sozio-politikoak ere gurasoen hautuan eragiten duelakoan, zilegi zen amets egitea bortizkeria politikoaren amaierak matrikulazioan ere albiste onen bat ekarriko ote zigun. Hala izan baldin bada ez da nabaritzeko maneran izan. Karga batzuk ez dira goizetik arrats bizkar gainetik kentzen. Aldiz, ematen du arma hilgarria gertatzen ari dela TIL eredu ingelesduna. Euskararekin lehiatzeko borondate garbiarekin sortu zuen Nafarroako Gobernuak, baita bete-betean asmatu ere. Haien egiazko emaitza edozein izanagatik. Krisiak gure kontra jokatzen du. Diru-laguntzak murrizteko aitzakia izan ezik, gogor inarrosten ari da aita-amen beldurrak. Alor honetan ere, ausartago egin ordez, uzkurrago egiten du jendea, kakatiago. Jendearen bizi-maila kolokan dagoenean eta geroa laino beltzez kukuturik ageri denean, seme-alaben etorkizunaren aldeko apustu seguruagoa ematen du gaur egun ingelesak, euskarak baino. Biak uztartzen dituzten ereduak baditugu. Horiek zabaldu gabe eta bozgorailu egokiez hornitu gabe nekez etorriko da aterabidea.
- Multimedia
- Servicios
- Participación