Iruñetik kanpo egin beharrekoek Planetariotik urrundu ninduten lehengo ortziralean. Galdu nuen, beraz, Garbiñe Biurrunen mintzaldia. Pena hartu nuen. Kontua aurtengo Nafarroa Oinezen aitzakian antolatua zuen San Fermin ikastolak, eta gure hiriburuan ez dira aunitz gisa honetako ekitaldiak antolatzeko prest daudenak. Epaile bat euskaraz, ez da egunero ikusten den gauza. 2012 honetan ez luke honezkero bitxia izan behar eta, hala ere, xelebrekeria ematen du oraino, hain baita ale bakana. Xelebrea euskalduna izatea, eta are xelebreagoa eta bakanagoa epailearen jarrera. Iruñean, Justizia eta Demokrazia jorratu zuen lehengoan Garbiñe Biurrunek. Planetarioan egon zirenek erranda dakit txanpon beraren bi aldeak direla Justizia eta Demokrazia, epaile tolosarraren iritziz. Zentzu pixka bat duenak aburu berekoa izan behar luke, baina horrekin talka egiten duten albisteak kasik egunero sartzen dira gure etxeetan. Joan den astean berean Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Otegi, Díez eta Bateragune auziko gainerakoen kontrako kondenak berrestea, apalduxeak izanik ere. Gorenak, Entzutegi Nazionalaren ikuspegia bere eginik, ETAren agindupeko behargin bilakatu ditu ETA desagerrarazteko lanean ari zirenak. Terrorismoa zehatu dutelakoan Demokrazia, Justizia eta are Logika ere zigortu dituzte horrela. Justiziaren gainean genuen uste eskasa are gehiago eskasten dute gisa horretako ebazpen judizialek. Epaileen zintzotasuna kolokan uzten duten epaietarik da hori. Zer erranik ez, aste berean izan dugularik Carlos Divarren ibileren berri. Auzitegi Goreneko lehendakariak, nonbait, ohitura zuen Marbella inguruko luxuzko hoteletan lau eguneko asteburuak pasatzeko, zer nahi eta huraxe. Farrak denok pagatzen genizkion, gure patrikatik. Ikusiko, azkenean deus gertatzen zaion. Epaile guztiak ez dira noski halakoak. Garbiñe Biurrun bezalako aunitz beharko ditugu, ordea, Justizian apur bat sinesteko.
- Multimedia
- Servicios
- Participación