Bazuen kutsu iradokigarria Euskalerria Irratiak antolaturiko mahai inguruak: Nafarroa post-UPN. Noiz. Nola. Norekin. Amets-eragilea zen. Fantasiaren mugak hausteko gonbita. Neke da Nafarroa irudikatzea UPN agintean irudikatu gabe. UPN Gobernuan, UPN Udalean, UPN hedabideetan, UPN unibertsitatean, UPN ospitaleetan, UPN liburutegietan eta lantegietan, parkean eta merkatu plazan. Nire belaunaldikoek bertze zerbait bizi izan dugu noizbait; hura ere txarra. Gure seme-alabek ez dute ber-tzerik ezagutu, ez txarrik ez onik. Hain dugu kontua barneratua, ezinezkoa iruditzen baitzaigu bertzelakorik. Posible dela konbentzitu nahian ibili zitzaizkigun mahai inguru hartan, biak ala biak, Sabino Cuadra, Amaiurko diputatua, eta Uxue Barkos, Geroa Baikoa. Ez dakit noraino erdietsi zuten. 1991n Gobernua eskuratu zuenetik hona, inoiz ez du hain sasoi guti agertu nabarristen alderdiak. Krisiaren kudeaketa negargarriak eta ustelkeria zantzu gero eta nabarmenagoek jarri dute gainbehera Barcinaren gobernua. ETA behin betiko isiltzeak, berriz, diskurtsorik gabe utzi du, eta oposizioaren arteko elkarlana erraztu. Orain, hauteskunde hotsa dabil bazterretan, eta aukera errepikaezina izan daiteke. Beharbada desberdinen artean etortzekoa den akordioa irudikatu nahirik, delako ekitaldian, elkarrekiko adostasunak nabarmendu zituzten bi politikariek, norberaren bereizgarrien kaltetan. Ez zuen odolik ikusi eztabaidara odol bila joan zenak. Bai, aldiz, olio franko, eta are azukre pizar bat ere. Pentsatu nahi dut ez zirela zurikerian ari. Alegia, didaktikoak izan nahi zutela. Ez baitiote elkarri eskua aise luzatuko bezpera arte ukabilka ibili direnek. Noizbait egiten hasi beharko dira Ezkerrarekin eta, zer esanik ez, PSNrekin. Jimenezen alderdiak baitu giltza. Ez dugu nahi, baina behar dugu. Ez gaitu nahi, eta baliteke gure beharrik ez izatea. Post? Nahi bai. Malda hori zelaitzen lanak, ordea.