Síguenos en redes sociales:

Euskal erara

ASTE gutiko aldearekin joan zaizkigu Euskaltel taldea eta Fagor enpresa. Zenbait hedabideren alegrantziak eman digu galeraren tamaina. Ez dira, jakina, maila bereko albisteak. Kasu batean kaltetu zuzenak talde tiki bat baizik ez dira.

Zaleak ere badira, bistan dena, baina, atsekabeagatik ere, ez da sobera zilipurdikatuko haien bizia. Bertzean, berriz, kolokan daude milaka jenderen lanpostuak, eskualde oso baten etorkizuna eta, beharbada, baita gure enpresa talde inportanteenaren geroa ere. Bai Euskaltelek bai Fagorrek ezaugarri batzuk partekatzen zituzten beren jarduera eremutik txirrindularitza; etxetresna elektrikoen ekoizpena harata.

Beren argi-ilun ukaezinekin, biek hemengotasuna zuten ikur. Batak, izenean berean. Bertzeak, sorreran, kokamenduan eta xedeetan. Biek, nolabait ere, aldarrikatzen zuten gauzak bertzela, hemengo euskal erara egitearen garrantzia. Eta biak ziren, bakoitza bere neurrian, arrakastatsu. Mendez mende, hemengo biztanleoi irakatsi izan zaigu, ADNan eratxekitzeraino, euskaltasuna ukatzea genuela gizartean kirolean, ekonomian gora egiteko pasaporterik azkarrena. Euskaltel nahiz Fagor bezalako fenomenoek erakutsi digute posible zela lehen lerroan egotea erroak galdu gabe. Horregatik, txirrindularitzaz batere axolarik ez dugunoi ere harrotasuna puntu bat pizten zitzaigun Pirinioetako "marea laranjaren" ikusmiran.

Horregatik, enpresa mundua arrotz zaigunoi ere eder zitzaizkigun Arrasateko taldeko enpresen inguruko berri onak. Bertze gauza batzuetan kalamidade hutsak izanen ginen. Alabaina, kapitalismoaren eta kirolaren- oihanean beldurrik gabe lehiatzeko moduko eredu esportagarria gordetzen genuen guk errekamaran. Krisiak gupidarik ez digu. Patrikak hutsarazi, ideiak eskastu eta umorea mingostu ez ezik, euskaltasun arrakastatsuaren bi ikur eraitsi dizkigu denbora gutian. Ez dira hainbertze. Zerbaitekin ordeztu beharko ditugu, depresioak guztiok jo baino lehen.