lotsa handia sentitu nuen. Orduak ematen nituen dutxapean zikinkeria kentzeko. Izugarria da emakume batentzat. Nik ez nuen indarkeria kontziente bizi izan, imajinatzen dezaket zer indarkeria modu kontzientean sufritu duten emakumeen sentipena”. Giséle Pelicoten hitzak dira, orain, bere testigantza jasotzen duen liburua argitaratu behar duen honetan, argi utzi du egiten ari den guztia indarkeria jasaten duten beste emakumeei begira egiten duela, haien mesederako. Lotsa biktimak ez, erasotzaileak sentitu behar duela. Hori da bere mezua. Eta hori erraz da esaten indarkeriaren biktima izan ez zarenean, baina nola saihestu lotsa hori zure gorputza panpin batena bezala erabili dutenean?

Pelicoten ekarpenak eragina izango du, ziur, indarkeria jasan duten emakume askorengan. Horietako asko zikin sentitu dira erasotuak izan ondoren, eta haren eredua lotsaren kontrako eta duintasunaren aldeko oihu bat da. Zergatik sentiarazten du gizarte honek zikin jarrera lotsagabe bat izan duen gizon baten biktima denari? Agian hortik hasi beharko ginateke indarkeriaren eta bortxaketaren kulturaren logika ulertzen saiatzeko. Baina Pelicoten jarrerak beste zerbait ere uzten du agerian.

Emakumeen kontrako indarkeria eragiten duten gizonak ez direla gaixoak, ez direla zoroak. Pelicotek esaten du bere senarra perfektutzat jotzen zuela, 50 urtetan zehar mirestu egin duela. Honek argi adierazten du feminismoak aldarrikatzen duen hori: erasotzaileak patriarkatuaren seme osasuntsuak direla. Gizarte matxista honek erasotzaile bihurtu dezakeela beste arloetan eredugarri izan daitekeen mutil edo gizon bat.

Pelicotek utzi digun beste lezio bat: “Sumindura sentitzen dut, traizio-sentimendu ikaragarri bat, baina saiatzen naiz gorrotoari eta haserreari mugak jartzen. Zer egingo dut bada zikinkeria guzti honekin? Ilunpetik ihes egin eta argirantz joatea erabaki dut, bizitzeko alaitasunerantz”. Ba horixe.