Síguenos en redes sociales:

Lou

78an izan zen. Edo 79an. Orduko Sanferminetan, kontzertuak izaten ziren zitadelan. Egun hartan, talde gipuzkoar bat zegoen iragarria. Ohol gainean, morroi buru-soil bat, 2. mundu gerlako hegazkinlari kasko bat jantzita, guztiaz irri eta hista. Umore beltz eta gordinena erabiltzen zuten, musika on samarraz landa. Gaztelaniaz, bistan dena. Euskaraz ez zen gisa horretako entsaladarik posible 1978an. Eta auskalo, 2013an. Gu, flipetan, dantza eta karkara. Hoberena, hondarrerako. Showman buru-soila, aulki gurpildun batean jarririk eta nobiaz beztitua, zer eta Lou Reed-en Rock'n'roll kantari. Oro kargatürik, ez geunden akrobazia handietarako. Bertzenaz, oholtza gainera igoko ginen, delako nobia elbarria besarkatzera. Lou Reed, guretako, jainkoa zen. Guk, estudiante burges funtsean aski prestuok, gaizto itxura egin nahi genuelarik, kantari eta poeta newyorkarra zen gure soinu-banda. Sweet Jane kantatzen genuen, baina gure neskalagunengana itzultzen ginen, aski zintzo. Walk on the wild side paratzen genuen eta imajinatzen genuen bizitzaren alderdi basa bisitatzera gindoazela, San Gregoriora joaki ginelarik birra batzuk hartzera. Heroine-ko punteoarekin zeruratzen ginen, infernura eramanen gintuen zaldira inoiz igo gabe. Noizbait, Lou Reedek berak erabaki zuen gauza horiek guztiak ez zirela hertsiki hitzez hitz hartu behar. Sekulako dezepzioa izan zen batzuendako. Guretako ez. Orduko bagenekien gure bizitzak ere ez zirela osoki hitzez hitz hartzekoak. Lehenagoko zirrararik gabe, segitu genuen preziatzen haren boz sakona eta haren gitarra kirrinkariak. Ez nuen ikusi ahal izan Donostiako Trinitate plazan, baina 2000-04-18ko kontzertu horren grabaketa klandestinoaren kopiaren oparia egin zidan nire irakurle batek. Esker natzaio oraino. Noizbehinka jartzen dut, eta imajinatzen dut ni ere noizbait izan nintzela apur bat basa. Lou Reed zendu da eta saindu bat gutiago du nire panteoi gero eta eskastuagoak.