Izugarrikeria. Zitalkeria. Doilorkeria. Putakumekeria. keria atzizkiari are zuku gehiago atera geniezaioke, D ereduaren kontra abiatu den kanpaina zikinaren lepotik. Zerrenda agortuta ere ez genituzke gure barrenak osoki hustuko.
Ez ditugu beti elkarrekin eta hain modu koordinatuan ikusi. Inor ez da falta izan. Guardia Zibila, Nafarroako Gobernua, UPN, PP, Gobernuaren Ordezkaritza, Madrilgo prentsa denak bat eginik, euskara eta euskarazko irakaskuntza kakaztu nahian. Muntaia ikaragarri honen gibelean bada epe motzeko xede argia, alegia, urte berriarekin hasiko den matrikulazio kanpainan eragiteko borondatea. Horrekin batera, iduri du nafar eskuinaren oinarri soziala bere oraingo lozorro lotsatutik atera nahi dela hurrengo hauteskundeei begira, ustezko konplot euskaltzalearen mamua inarrosiz horretarako. Salatu beharra dago.
Salatzetik harata, gogoeta pixka bat egitea ere ez legoke soberan. Hara, gure artean eta belarri-luzerik ez dagoela probestuta: Nafarroako irakaskuntza pixka bat ezagutzen duen inorendako gauza berria ote da D eredu publikoko irakasleen artean ezker abertzaleak duen nagusitasun ideologikoa? Ez ote da horixe usuenik kanporatzen den irudia? Are gehiago, erranen nuke badela jende sail bat barnean eginahalean irudi hori transmititu nahirik. Eskubide osoz, bistan dena, baina ez, ikusiak ikusi, hagitz zuhur.
Niri, egia zor, apal samarrak iruditu zaizkit egunkari madrildarrek argitaratu dituzten datuak. Biztanleriaren %15 bat gehiago ez bada- ezker abertzalearekin identifikatzen den herrialde batean, euskarari lotutako kolektiborik handienean portzentajea %25era igotzea ez da inor izutzekoa. Bertze kontu bat da nagusitasun hori edo, gauza bera dena, nagusitasun hori irudikatzea- kaltegarria edo mesedegarria ote den eredurako. Zirku hau antolatu dutenek arras garbi dute kalte egiten diola. Horrexegatik antolatu dute, kalte egiteko asmoz. Oker baldin badaude, gaitz erdi. Zuzen egonez gero, larrutik pagatuko du D ereduak eta, bidenabarkoan, euskarak.