Síguenos en redes sociales:

Uxue, lehendakari

Hauteskunde hauetan ikusi ditugu, euskal izaera gozatzen, eztitzen, kukutzen, trabestitzen, nafar hautesleak hobeki bereganatu nahirik. Ez naiz Euskal Herria Bilduz ari. Ezker abertzaleak, joko horretan sartu bada, ez du hagitz agerian egin. Bai, aldiz, Podemos-Ahal Duguk. Laura Perezen alderdia elebidun samar hasi zen bere txio eta argitalpen elektronikoetan. Euskal Herria ere aipatzen zuen. Hori guztia apaldu egin zen kanpainan sartu orduko. Nafar politikara etorri berriak dira, baina laster ikasi dute: hobe euskaldunegi ez agertu, jende mota baten borondatea irabazi nahi baduzu. Geroa Bai ere mozorro lanetan ibili da, nabarmen. Arrakastatsu, nonbait. Gauzak zer diren, eskuineko hedabideak kexatu dira gehien Barkosen agerpen publikoetan ikurrinik agertzen ez zelakoz. Propagandan, berdintsu. Erdaraz, handi eta bizi. Euskaraz, tiki eta hits. Mayaren Udalak ez du hain desberdin egiten bere txarteletan. Nabarmenena, kanpainarako leloa: Uxue presidenta. Bere horretan, hashtag gisa, Twitter-ren erabiltzen zelarik. Eta eranskin euskaldun herabea azpian erantsita, hedabide idatzietan agertzean: Uxue presidentegai. “Presidente” hitzaren euskaltasunaz ez naiz eztabaidan hasiko. Adibidez lepo ageri dira hiztegiak. Nafarroako Administrazioak euskaraz sortu duen literatura inork kontuan hartzen ez duen horretan, ordea, Otano, Alli, Sanz eta Barcina “lehendakari” izan dira beti. Ardantza, Ibarretxe, López eta Urkullu bezain. Hemengo Parlamentuko eta hango Legebiltzarreko buruak ere, orobat. Guztiak lehendakari. Konprenitzen dut zorioneko hitzak nafar erdaldun batendako duen doinu “mendebaldar” arrotza. Inork “el lehendakari” ahora ekartzen duelarik, Ajuriaeneko maizterra etortzen zaigu burura %99’99an; Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako produktua. Horrek ez du, hala ere, beti eta sekulako zertan izanik, pedagogia aunitz, presa guti eta norabide finkoa erabiliz gero. Uxue Barkos noizbait Nafarroako lehendakaria (ere) izan dadin bilakatu nahi dugu aunitzek Navarrako presidenta.