Berrian argitaratutako elkarrizketa batean, Oskorriko Natxo de Felipe dolutzen zen irratilari batzuen jarreraz: “Alabamako bluesman bat el copón dela esatera iristen dira, eta honi Bermioko trikitilari bati aitortzen ez dioten kategoria ematen diote. Nahiz eta guretzat Bermiokoak kategoria handiago izan, neuk erabiltzen dudanetik hurbilago den hizkuntza bat erabiltzen baitu”. Kantagin-tzatik harata doan arazoa da. Telebistan, Goenkale-k atzo eman zuen azken hatsa. Berez, ez zen zertan albiste txarra izanik. Formula guztiak agortzen dira denboraren joanean. Noizbait 100.000 ikusle izan zituena, ordea, 12.000ra nekez iristen zen aspaldi honetan. Hedabide beretik mugitu gabe, Aitaren etxea-k ere aste honetan erranen digu adio. ETB 1ek, fikzioaren alorrean, gure historia hurbilaren alde egina zuen apustua ikasturte honetarako. Arrakasta lortu izan balu, gure telebista publikoa prest zegoen hainbat urtetan luzatzeko haren bizialdia, gure azken mende erdia bezainbat. 15.000 ikusle baizik bildu ez izanak kondenatu du 1956an hiltzera. Ez Goenkale ez Aitaren etxea ez ziren, beharbada, kalitatearen paradigma; bai, alabaina, erdal telebistetako arratsaldeak harrera ukaezinaz betetzen dituzten gisa bereko produktuak bezain duin. Gure hizkuntzak, itxuraz, glamourra kentzen gure istorioei. Edo, bertzerik gabe, gure istorioek glamourra eskas. Hemengo politikoen gaitz bera. Koldo Martinezek eta Sabino Cuadrak badakite joan den 20az geroztik. Musika-entzuleak eta telebista-ikusleak bezala, kanpo-edertu dira boto-emaileak ere, eta atzerriko argiak hobesten hemengo ilunen kaltetan. Oskorri gabe, euskarazko fikzio telebisiborik gabe eta burua hemen duten diputatuak gabe gelditu ginen urtea izanen da 2015a. Beharbada geure buruaz potroetaraino gaude, eta ez gara aitortzera ausartzen.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
