eskuin nabarristaren diskurtsoan aspaldiko lelo maiztua da euskal abertzaletasunaren plan ezkutua. Badakizue, Nafarroa pobretu eta ekonomikoki hondatzea, erresuma zaharrak errazagoa onartu dezan Euskal Herriaren besarkada zitala. Uxue Barkos Foru Komunitateko lehendakaria denetik, ez da egunik joan halako adierazpenik irakurri edo entzun gabe UPNko edo PPko bozeramaile ofizial nahiz ofiziosoen aldetik. Pitokeria bat da, baina ez osoki oinarririk gabea. Egia egiari zor, oparotasuna, ongizatea eta aberastasuna oztopotzat jo izan ditu azken hiru-lau hamarkadatan bertzelako Nafarroa amestu izan dutenek. Bai, bederen, haietariko auni-tzek. Foru Komunitatea zenbat eta bizi maila hobearen jabe, hainbat eta urrunago Euskal Herri sozialista eta batuaren proiektua. Jendaurrean beharbada ez; aho azpiz, hamaika aldiz entzun izan dugu: “Hemen ez dago zer eginik Volkswagenek Landabendik alde egin arte”. Nolabait ere, oparotasun trabagarriaren sinboloa izaki multinazional alemaniarrak Iruñeko mendebaldeko mugan duen planta alimalekoa. 2016an, bertze batzuk dira hemen agintean. Euskal Herriaren proiektu politikotik 2015ean baino hurbilago dago Foru Komunitatea. Hori guztia Volkswagenek Landabendik alde egin behar izan gabe gertatu da, zorionez. Orain, poloaren bigarren modeloa hemen egin behar dela eta, oilarra bezain tente dabiltza oraingo gobernuaren zale beroenak, nahiz eta, seguru aski, merezimenduaren zatirik handiena harena ez izan. Oposizioa, berriz, nekez ari da poz itxurak egiten. Albisteak toki txarrean utzi du iazko maiatzetik hona darabilen irakurketa apokaliptikoa. Ez da, alabaina, berak eraikitako diskurtsoaren amaraunean harrapaturik dagoen bakarra. Paradoxikoki, ezkerraren zati bati gauza bera gertatzen zaio. Hozki pentsatuta, poztu behar lukeela uste du. Barrenak ez dio, ordea, pozteko agintzen.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
