Botoak joan-etorrian ibiltzen dira. Inork ez du inoren hauteskunde-txartelik jabetzan, gehienez ere maileguan. Estatuko hauteskunde orokorrak ez ohi dira izan abertzale eta euskaltzaleendako probalekurik hoberenak. Ekainaren 26an Madrilgo agintea zegoen jokoan, ez Iruñekoa. Javier Esparzak gertakarien irakurketa puztua eta interesatua egin zuen igande gauaz, galdegin zuelarik: “nola izan daiteke Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, botoen %4,28 izanda?”. Eta hala ere, hori guztia bezain ukaezina da kazetari iruindarraren proiektu politikoak kolpe latza hartu duela. Aldaketa bera gelditu da kolokan Barkos buru duen koalizioa egungo Foru Gobernuaren bizkarrezurra den aldetik. UPNrendako, igandeko albisterik hoberena ez zen izan Rajoyren arrakasta txundigarria, Geroa Bairen emaitza penagarria baizik. Munduko zurigarri eta aringarri guztiak bila daitezke. Datu eztabaidaezin bakarra da 2015eko maiatzean 53.497 boto eskuratu zituen koalizioa 14.289ra etorri dela hamahiru hilabete geroago, ia-ia 4 bozetik 3 bide bazterrean utzirik. Erru guztia ezin dakioke egotzi boto erabilgarriari edo Estatuko telebista handien erakarmenari. Hurrengo foru hauteskundeetan ez dira berez bere eta zintzo-zintzo itzuliko hanka egin duten 40.000 boto horiek. Oposizioak beretarrendako baizik ez aritzea lepora-tzen dio Geroa Bairi. Nik alderantzizko irudipena dut batzuetan. Gobernatzea gutxitan izaten da distiratsua. Gobernatzeak berezko du hain bero goratu zaituztenen gogoa hoztea. Haien ametsei traizio pixka bat egitea. Are gehiago, oraingoan bezala, munduko baliabide guztiak esku artean izan beharrean, miseria baizik ez duzularik administratzeko. Boto-emaileen espektatibetatik urrunegi gelditzea ere ez da komeni, ordea. Nik ezagutzen ditudan arloetan aspaldi piztua dut kezka.