okerreko ordutegiak bizi gaitu, nonbait. Adituak aspaldi handitik dabiltza aldarrikatzen: Estatuko biztanleon bizimodua puskaz hobetuko li-tzateke otorduak eta oheratzeko tenorea aurreratuz gero. Ez dut nik ukatuko. Horren prezioa erlojuak gibelatzea baldin bada, ordea, aitzinean topatuko naute, barrikadan. 1942a arte, Estatuko ordutegia Erresuma Batukoarekin parekatua zegoen. Urte hartan, Francok eder egin nahi zionez Hitlerri, Berlingo orenarekin berdindu zuen Madrilgoa. Ez da hau, beraz, “dagokigun ordu-eremua”, Londreskoa baizik. Zentzuzkoa litzateke, orduan, lehengo horretara itzultzea? Ezta pentsatu ere. Cityan izana naiz, abendu hasieran. Mailukada bat bezala gaineratzen zitzaigun gaua, arratsaldeko 4etan. Beharbada, diktadoreak, oharkabean, gauza on bat bakarra egin zuen bere bizi osoan, gure erlojuak aurrerarazi zituelarik. Zahar-marka da, noski, egunaren laburtzeak hainbati gogoan uzten digun urradura. Urtaroen joan-etorriari ezin langarik jarri, baina gizakiok, Testamentu Zaharreko Jainkoak bezala, badugu eguzkia geldiarazteko ahalmena. Zorioneko ordu aldaketaren ondorioz, arratsaldeko seietarako argiak pizten hasi beharko dugu heldu den larunbatetik aitzina. Ez dut inor ezagutzen neurri horrek pozten duenik, antsiolitikoen fabrikatzaileak edo psikiatrak ez badira. Balear Uharteetako Parlamentuak onetsi berri du proposamen bat hilaren 30ean erlojuak ez atzeratzeko. Ontzat hartu du, hartara, herritarren plataforma batek egindako eskakizuna. Més llum, més color, més vida (argi gehiago, kolore gehiago, bizi gehiago). Hamaika errebindikazio ezagutzen ditut hori baino zentzugabeagoak. Hemen pentsaezina da gisa bereko eskakizunik Foru Parlamentuan edo Eusko Legebiltzarrean. Hemen iluntasunak bilduko gaitu, guk ja ere erran gabe.