“Mamiaren Eguna”. Hainbat aldiz txartela ikusi, eta ikustearekin min. Zergatik “mamia” ahoratzera behartu, betidanik “gaztanbera” jan duten tokian? Ez da kontu hutsala. Nafar euskaldun aunitzek mendebaldeagoko euskarari dioten miresmen neurriz kanpokoa ez dago hain urruti haien gurasoen artean gaztelaniak pizten zuen lilura itsutik. Autogorroto zaharraren kutsua du autoerdeinu berriak. Kanpoederra izaki, lehen eta orain, bere burua maite ez duena. Itomena sortzen du batzuengan bat ez etortzeak haur eta gazteek eskolan edo ikastolan ikasten dituztenak eta espazio publikoetan agertzen diren formak. Horrek ere bere lana egin du. Ezin ahantzi, bertzalde, etorri berri zenbaiten jarrera, ex novo aritzekoa, haiek mundura agertu baino lehen deusik -gordetzeko moduko deusik- izan ez balitz bezala. “Oinezkoentzako eremua”, “hiri barruan”? irakurri dut negu honetan euskal eremuko herri erdaldundu samar batean. Bertako euskaldun bakarrak 70 urtetik goitikoak eta 16 urtetik beheitikoak izanik, ez du ematen noizbait hautsitako katea berreraikitzeko jokabiderik zuhurrena. Trafiko seinaleek “gogoratzeko” eskatzen digute hemen, eta gure hiri eta herrietan dena da “kale”, baita gaur egun zaharrenen ezpainetatik “karrika” hitza ezabatu ez den toki bat baino gehiagotan ere. Horren ifrentzua dugu gure Mendialdeko zenbait tokitako biztanleen grina gero eta nabarmenagoa euskara estandarra bertako moldeekin zipriztintzeko. Ze kasualitatea, guztiak dira azken urteetan hizkuntzaren bizitasuna hazten ikusi duten eskualdeak. Norberetik abiatuta aiseago ematen zaio hizkuntzari haize. Zazpi urteren ondotik, zortzigarrenean norbait ohartu da Ultzaman besta ez zela galduan aterako “mamia” omendu beharrean “gaztanbera” goratzen bazen, aitzitik baizik. Ez da aldaketa ezdeusa. Mamia du. Mami esperantzagarria.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
