Familia eta maite kontuek gazte-gazterik egin ninduten N-121-Aren erabiltzaile. Belate euri eta laino guru-tzatu dut, elur eta eguzki. Haurretan, barren guztiak nahasten zitzaizkidan hango bihurgune amaigabeetan. Bide bazter bat baino gehiago koloretu du nire sabel zorabiatuaren opariak. Hamar-hamabortz urte gehiagorekin, liturgia berean harrapatu izan nau argi-hasteak, Elizondoko edo Sunbillako bestetatik itzultzean. Gaztetako balentriak. Berriz, edan beharrik gabe joan nintzen Arraizko bentatik Oronoza, oinez, abuztuko gau batean. Ez zen apustu bat izan; 21 urte nituen, autorik ez, eta nork espetua helmugan. Kontrara, ezagun bat baino gehiagoren galgarri izan dira mendateko makurgune zitalak. Tunelak ireki dituztenetik, bi-hirutan hartu dut berriz ere bide zaharra. Aspaldiko lagunen gisara agurtu ditut, asfaltoaren mugan, pago zaharrak eta ustekabeko behorrak. Hurrengoan, ordea, zulo ilunaren epelera itzuli izan naiz, segurtasuna hobetsiz edertasunaren kaltetan. Heldu den maiatzean obrak hasten direlarik ez dugu hauturik izanen. Urtearen akabaila arte, halabeharrez berrituko ditugu denbora zaharrak, errepidean sigi-sagaka. Ez da gauza bera bolanteari kontzea paisaiak liluratuta zoazelarik, edo lanak eta eginbeharrek hertsatuta. Errioxarainoko eta Huescarainoko autobiak egin zituen UPNk, eta orain nafar guztioi arin-tzen digute patrika ibilgailu batek horietako bakoitza urratzen duen aldiro. N-121-An, aldiz, Foru Komunitatean trafiko handiena duen errepidean, tunel txar batzuk aski, gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenak, gainera. Ez izaki nabarristen gustukoak alde honetako nafarrak. Opari pozoitsu horrekin egin behar du orain dantza Uxue Barkosen Gobernuak. Hobe du kamioiak Gipuzkoan barna desbideratzeko modua aurkitzea. Botoak Belateko zulotik eskapatuko zaizkio, bertzela.