asotsik gabe iragan zen atzo ETAk Nafarroan egindako lehen heriotzaren urteurrena. 1977ko azaroaren 26an tirokatu zuten, zezen-plaza ondoan, Joaquín Imáz komandantea, Iruñeko polizia nazional burua. Joan den urtean, haren hilketaz geroztik 40 urte joan zirela-eta, omenaldia egin zitzaion militar zenduari. Haren alabak solasbidea eman zuen orduan, bazterrak husteko eskatu baitzien Nafarroako Gobernuko eta Geroa Baiko ordezkariei, agurtzera joan zitzaizkiolarik. 41a ez bada ere 40a bezain biribila, aurten ere ez da guztiz oharkabean joan atentatu haren urtemuga. Enekoitz Esnaolak izan du errua. Kazetari azpeitiarrak, Berria egunkarian duen blogean, data oroitarazi ez ezik, ahanzturan galdutako pasartea ere ekarri digu gogora: Imazen hilketaren ondorioz eskatu zion Eginek ETAri armak behin betikoz isiltzeko eta aukera bat emateko sortzen ari zen espainiar demokraziari. Egin. Gararen aitzindaria. Espainiako Gobernuak itxiarazi arte ezker abertzalearen bozeramaile ofiziosoa izandako hedabidea. Esnaolak egun hartako editoriala gehitu zion atzo bere iruzkinari, erranaren frogagarri. Itxuraz, Mariano Ferrer Egingo orduko zuzendaria izan zen haren egilea. Egun berean, ETAk Imazen heriotza bere gain hartu zuen, “askapen nazional eta sozialaren” izenean. Erakunde armatuak, bidenabar, KAS alternatibaren 5 puntuak aldarrikatu zituen, “indar errepresiboen disoluzioa” bereziki, “euskal milizia herritarrek” ordezkaturik. Ferrerek urtebete gabe laga zuen egunkaria; editorial hark ere izanen zuen zerikusia. Zorionez, lantokiz aldatzeak ez zuen haren ibilbide profesionala eta pertsonala trabatu, azkartu baizik. ETAk, berriz, 35 urte eta 800 hildako geroago bete zuen Ferreren eskaera. Egun, KAS alternatibaren zorioneko 5 puntuez inor ez da oroitzen, eta ez da garaipen makala izanen heldu den urtean zibilen ordez foruzainak ikusten baditugu gure errepideetan.