andaluzian gertatu da, Kordoba hirian. Epaile batek zaintza partekatua kendu dio aitari, haurrak bere ardurapean zeuzkan bitartean tabakoa etengabe erretzeagatik. Eta otu zait gure garaian pentsaezina zatekeela halakorik gertatzea, askoz errazagoa dela epailea bera zigarro bati tiraka irudikatzea, haurrei lekukotasuna hartzen zien bitartean. Medikuek horrela artatzen baikintuzten, irakasleek lainotan hezten, bus gidariek purutxoak hatz artean zituztela eramaten. Eta telebistako solasaldietan kea zeriela aritzen ziren aurkezleak zein iritzi-emaileak.

Gaur egun zentzugabeak, onartezinak, gizalegearen kontrakoak edo, gutxienez, oso itsusiak begitantzen zaizkigun jokabideak guztiz ohikoak ziren orduan. Autoetako hautsontziak aparkalekuan bertan husten zituzten, paperak, txikleak eta zigarrokinak lurrera botatzen. Oraindik ere ikusten ditugu horrelako itsuskeriak, baina inor begira ez dagoela ziurtatu ondoren.

Gure aita tarteka Vespan joaten zen nire bila eskolara, eta, esan gabe doa, kaskorik gabe eramaten ninduen. Kotxean attitte Gillermoren magalean joan nintzen Cacereseraino. Uhalik gabe, jakina. Hondartzara joaten ginenean ez ziguten eguzkitarako kremarik ematen, eta, WhatsApp bidez kontrolatzeko biderik izan ez arren, lasai ederrean uzten gintuzten bakar-bakarrik hainbat orduz, auskalo non jolasean. Eta gure gurasoak ez ziren besteak baino arduragabeagoak.

Gauzek daramaten ziztuarekin, ez dago jakiterik zer nolako gizarte-ohiturak izango diren beste 40-50 urteren buruan. Gaur egun normalak iruditzen zaizkigun zenbat aztura eta usadio egongo ote dira gaizki ikusiak, sozialki gaitzetsiak edo debekatuak. Bizitzeko zoririk izango bagenu ere -egin irri, egin-, ulertzekorik nekez.