TALDEAK defenditzeko orduan erakusten dauen sendotasunari zeozer gehiago gehitu behar jako baloiaren jabetzea daukanean”.

Gaizka Garitanok behin baino gehiagotan errepikatu dau ez dogula ahaztu behar non egoan taldea orain dala hile bi. Eta arrazoi guztia dauka. Zulotik urteteko bidean bikain aritu arren, oztopo asko dagoz sailkapeneko goialdean sartzeko bidean. Azterketa gatxa eukan Athleticek Mestallan eta zuri-gorriak ez dira gainditzeko gauza izan. Gaizka Garitanoren taldeak arazo ugari euki ebazan sasoi betean dabilen Valentziari eusteko, hegaletatik batez be. Etxeko taldearen lehen golak Athletic erasora jokatzera behartu ebanean, Garitanoren gizonek ez eben gaitasunik erakutsi markagailuari bueltea emoteko. Kontuak kontu, ondo mereziduta galdu eban Athleticek Valentzian aurkaria gehiago izan zan-eta. Edozelan be, ez jako beste munduko garrantzirik emon behar Mestallan galdu izanari. Aurreko hamaika jardunaldietako bolada bikainari eustea oso gatxa da eta Valentzia denboraldiko unerik gozoenean dago. Sailkapenera begiratuta, Athleticek lau puntura ditu hondino be Europarako postuak. Jaistekoak, barriz, hamar puntura jarraitzen dabe, liga txapelketea amaitzeko hamabi jardunaldi geratzen diranean. Beraz, gauzak ez dira okertu. Ez daigun ahaztu nondik gatozen.

Alaves, Celta, Vila-real, Reala eta Huescaren aurka jokatu eban etxetik kanpo Athleticek Gaizka Garitanok taldearen ardurea hartu ebanetik. Inor gitxietsi barik, Valentziaren aurkakoa, etxetik kanpoko aro berriko azterketarik gatxena zan ezelango zalantza barik. Eduardo Berizzok bere gustuko jokatzeko moduari uko egin eta sendotasunaren aldeko apostua egin eban Valentziari aurre egiteko San Mamesen. Argentinarrak ez eban garaipena eskuratu baina ontzat emon eban puntua aurkariaren kalidadea eta indarra goraipatuta.

Gaizka Garitanok talde sendoa zelairatu eban Mestallan, Parejo, Rodrigo, Santi Mina, Gaya, Cheryshev, Kondogbia eta enparauei aurre egiteko. Ganera, Kopa txapelketako finalerako sailkatu ostean, Marcelinoren taldea olatuaren aparrean iritsi zan Athleticen aurkako norgehiagokara. Garitanok uko egin eutson hegaletako jokoari Muniain eta Ibai Gomez zelairatuta, Susaeta eta Cordoba bezalako jokalariak ordezkoen aulkian itxita. Athleticek galdu egin eban hegaletako borrokea. Izan be Valentziak hegaletatik bideratu eban bere erasoko jokoa eta min handia egin eutson aurkariari, ezker hegaletik batez be Gaya eta Cherysheven eskutik. Halandabe, Athleticena izan zan partiduko lehen aukera garbia baina epaileek ez eben penaltirik ikusi Raul Garciari eginiko sarreran. Esan beharrik ez dago partidua goitik behera aldatuko zala zuri-gorriak markagailuan aurreratu ezkero.

Valentziaren ekinak saria jaso eban bigarren zatiaren hasieran eta hortik aurrera agirian geratu zan zuri-gorrien ezintasuna aurkariaren atean arriskua sortzeko orduan. Taldeak defenditzeko orduan erakusten dauen sendotasunari zeozer gehiago gehitu behar jako baloiaren jabetzea daukanean.

San Mamesen jokatuko dauz Athleticek liga txapelketako hurrengo partidu biak Espanyol eta Atletico de Madriden aurka. Jaisteko postuak hamar puntura eukiteak emoten dauen lasaitasunetik ekin behar deutse zuri-gorriek hurrengo norgehiagoka biei. Taldearen jokoa atzealdeko sendotasunetik eraiki arren, horregaz bakarrik ez dabez hiru puntuak eskuratuko.