POZARREN urten neban San Mamesetik Athletic Atletico de Madrid menderatzen ikusi ostean. Esan beharrik ez dago Athletic zaleok maitasun berezia deutsagula talde koltxoneroari arrazoi askorengaitik eta negatiboak guztiak. Kontua da, gauza bategaitik eta besteagaitik, Atletico de Madrid aurkari deserosoa izan dala beti lehoientzat, estadistikek argi eta garbi erakusten daben moduan. Zapatuko lehiaren aurretik talde zuri-gorri biek alkarren aurka lehiaketa ezbardinetan jokatu dabezan azken hogeta hamar partiduetan, Bilboko taldeak sei garaipen baino ez dauz lortu eta aurkariak hogeta bat. Athleticek hamahiru partidu eroiazan koltxoneroak menderatu barik. Beraz, Atletico de Madridi irabaztea ez da ohiko kontua. Zapatuan lortutako garaipenak hiru puntu baino gehiago emon deutsoz Athletici. Simeoren taldea goitik behera menderatu izanak sekulako bultzadea emongo deutso taldeari ligako azken txanpara begira. Dagonekoz inork ez dau begiratzen jaisteko postuetara eta Europarako sailkatzeko aukerak gure eskuetan dagoz. Orain arteko erritmoari eustea izango da erronkea.

Gaizka Garitanoren taldeak ondo mereziduta eskuratu eban garaipena aurkaria baino gehiago izan zalako arlo guztietan. Izan be, Atletico de Madridek ia ez eban aukerarik euki Herrerinen atea zulatzeko, zelaian goi mailako aurrelariak izan arren. Alde horretatik, goraipatzekoa da Yeray Alvarezek eta Unai Nuñezek egindako lana atzealdean, aurretik Dani Garciak eta Mikel San Josek ederto lagunduta. Horregaz batera, zuri-gorriek bikain baliatu ebazan Oblaken ate aurrean izandako aukerak. Zentzu horretan, Cordoba eta Kodroren ekarpena be oso positiboa izan zan.

Aurreko jardunaldi bietan garaipenik lortu barik ekin eutson Athleticek Atletico de Madriden aurkako partiduari. Mestallan galdu eta Espanyolen aurka bardindu ostean, emoten eban Garitanoren taldea indarra galtzen hasita egoala. Aurkariak kolpe gogorra jaso eban lau egun lehenago Txapeldunen Ligatik kanpo geratuta, final laurenetarako sailkatzeko aukera handiak alperrik galduta. Simeonek dinamita guztia ipini eban aurrealdean, Morata, Diego Costa eta Griezmann batera zelairatuta. Argentinarrak argi eukan bere taldeak irabazi egin behar ebala San Mamesen liga txapelketea lehiatzeko aukerak bizirik mantentzeko. Gaizka Garitanok ederto prestatu eban partidua eta agirian itxi ebazan talde koltxoneroaren gabeziak. Lehen zati serioaren ostean, Atletico Herrerinen ate ingurura hurreratzen hasi zan partidua irabazteko helburuagaz eta Athleticek bikain baliatu ebazan Kokek eta enparauek itxitako hutsuneak. Gaizka Garitanok esan eban legez, Athleticeko jokalariek inurriaren beharra egin eben erraldoia menderatzeko. Atletico de Madridek 407 milioi euroko aurrekontua dauka denboraldi honetan eta Simeone da munduan soldata handiena jasoten dauen entrenatzailea.

Eta orain zer? Hamar partidu geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek sei puntura ditu Europarako postuak. Orain dala hiru hilabete jaisteko postuetan egon izanak ez dau esan gura mailari eusteagaz pozik geratu behar garanik. Azken hamar jardunaldietako partiduak aztertuta, Santiago Bernabeun jokatu beharrekoa da lehiarik gatxena. Girona, Levante, Getafe eta Rayo Vallecanoren aurka jokatuko dau Athleticek hurrengo lau jardunaldietan eta aurretik behintzat ez dot uste Garitanoren taldea lau horreek baino gitxiago danik. Amets gaiztoa atzean itxita, presino barik jokatzeak dituen onurak aprobetxau behar doguz.