ESPAINIAKO Erresumaren benetako izena Espainiako Inperioaren lantua izan beharko litzateke. Lopez Obradorren eskaerak eragindako zalapartatik ondoriozta daiteke hainbat espainiarrek oraindik mentalitate inperiala dutela, eta Joseba Gabilondok adierazi bezala, inperioaren galera nazionalitate historikoekiko duten jarrerarekin kitatzen dutela. Barkamen eskaeraren aurrean suminduta agertu dira, hura ez zela konkista izan baizik eta zibilizatzea, hara eraman zituzten ideiekin, hizkuntzarekin, onurarekin, jakin-tzarekin, zein malandrinek iradoki dezake hura sarraskia izan zela?; konkista ere ez zen izan, bestela nola lortuko zuen Hernan Costesek 500 gizoneko armadarekin Inperio Azteka konkistatzea? (Benjamin Prado ezkerreko idazleari entzun diot azken argudio hori). Beharrik ailegatu ziren espainiarrak, bestela jendilaje atzeratu hura oraindik han izango zen gizakiak sakrifikatzen eta gizateriaren haurtzarotik ezin irtenik.

Egia da ezin direla garai historikoak gaurko mentalitatetik irakurri, baina egitate bat da bertako aberastasunak Gaztelako erresumak, batez ere, irentsi zituela; gaur egun ikusten ditugun eraikin eta plaza asko hango aberastasunekin pagatu ziren; halaber, bertako kulturak suntsitu egin zituzten: espainolak (terminologia ez da egokia) ailegatu eta 150 urtera bertako populazioaren %90 desagertu egin zen esklabotza, gerra eta gaixotasunengatik. Horra ahalegin zibilizatzailea.

Barkamena eremu moralari badagokio ere, Lopez Obradorren eskaerak hemen aurkitu ez duen sentsibilitatea eta zuhurtzia erakusten du, ez baitio barkamen eskaera bakarrik Espainiako Erresumari eskatu baizik eta Mexikok berari ere mendeetan populazio indigenarekiko izan duen utzikeria, diskriminazio eta arbuioarengatik.

Europa Europa da, ez soilik, berak uste duen bezala, aurrerabidea eta ideal ilustratuengatik, baiziketa, batez ere, lurralde “atzeratuetako” aberastasunak uholdeka ailegatu zirelako.

Keinu batek ez du ezer konpontzen, baina keinu batek asko adierazten du bizi garen uneaz: hainbat politiko 98ko hondamendia ezin irentsiz dabil. Ederki daude hauek Espainiaren nazio aniztasuna onartzeko.