pATRIARKATUA patriarkatuago da Argelian ezen hemen, Euskal Herrian? Galderak garrantzirik ez duela usteko dugu beharbada, baina izan badu, giza eskubideei buruzko arazo sakona planteatzen baitu. Zer gertatzen da giza eskubideekin kultura bakoitzarekin gurutzatzen denean?

Demagun, Zizek filosofoaren ildoari jarraiki, emakumeek eskubide eta askatasun handiagoa dutela Mendebaldeko kulturaren baitan, hemen, alegia, Argelian baino; eta eskubide horien defentsan zorrotz eta zurrun jokatu beharra dugula, Ilustrazioaren baloreek gizakiondako lehen pentsaezinak ziren askatasun kuotak lortzea ahalbidetu dutelako.

Eta Zizekek egiten duen gizarte islamistaren kulturaren azterketan dioen moduan kultura horrek emakumeen “ezkutatzean” du gako eta oinarri. Esanen genuke, Bilbon gertaturiko bortxaketaren harira Mugimendu Feministak argitaraturiko komunikatuari jarraiki, Argeliako gizartea hemengoa baino misoginoagoa eta matxistagoa dela, irakurketa kolonialista gorabehera.

Horregatik Bilboko biolatzaileak argeliarrak direla esateak halako kontradikzio moduko bat sortzen du, bai baitirudi hori seninalatzean arrazismoa indartzen ari garela, eta, berriz ere, Europako halako kolonialismo kultural baten alde egiten dugula. Jakina, Estatua Espainiarreko biolatzaile gehienak, segur aski, bertakoak dira, bertakoak esan nahi dut eskolan ilustrazioaren baloreak jasotakoak.

Zer egin? Zaila da, baina iruditzen zait zenbait eskubide defendatzeko orduan zorrotz eta zurrun aritu beharko genukeela, multikuluturalismoa eta erlatibismoaren gainetik. Emakumeen askatasuna, emakume izateagatik bortxarik ez jasotzea, esaterako, eskubide absolutu moduan planteatu beharko genuke, alegia, gizon argeliar horien kulturak emakumeen askatasunari buruzko usteei batere kasurik egin gabe. Hala nola idatzi zen Manadako bat guardia zibila zela eta bestea armadako partaidea, azpimarratzekoa da oraingoan bortxatzaileak argeliarrak direla, hala direlako, eta, jakina, argeliar gutxi batzuk baino ez direla biolatzaile jakinaren gainean gaudela azpimarratzeko. Espaiñolok, euskalherritarrok, aukeratu zuek nahi duzuena, ere bortxatzen dugu.