EPAITEGI Konstituzionalak langile baten kaleratzea legezkoa dela ebatzi du Langileen Estatutuan zera dioelako: “Bi hilabete jarraian lan egunen %20 gainditzen badu, beti ere huts egindako egunak aurreko 12 hilabeteetan %5 izan badira edo 12 hilabeteko epean lau hilabete ez-jarraietan %25 izan badira”. Nonbait kaleraturiko langilea kasu horretan zegoen, eta hark argudiaturikoak, alegia, giza eskubideen kontra zihoala enpresak harturiko neurria eta gaixorik egonda lanera joateak bere osasunari kalte egin ziezaiokeela, ez ditu aintzat hartu. Ebazpenak lau boto partikular izan ditu, batean hauxe dio: “Gripe txar batek bi hilabetean erraz asko faltaraz dezake langile bat bederatzi egunez eta kasu horretan zer da garrantzitsuago norberaren osasuna zaindu eta osasun publikoa babestea ala enpresaren ekoizpenerako eskubidea?”. Lehengoa, dio boto partikularra ebatzi duen Maria Luisa Balaguer epaileak. Gainera berdintasunaren kontra jotzen du emakumeak baitira seme-alabez gehien ardura-tzen direnak. Harriturik gelditu naiz bai ebazpenarekin bai Langileen Estatutuan datorren puntu horrekin; eta arakatzera jo dut, eta, bai, berehala aurkitu dut Estatutu horren aldaketa asko Rajoyren garaian egin zirela, zorioneko Lan Erreformarekin, Trantsizioan sortu Ongizate Gizartea zalantzatiari eman zitzaion beste kolpe batekin. Batzuetan gure egunerokotik oso urrun dauden gauzak iruditzen zaizkigu legeak, baina horrelakoetan ohartzen gara haien inperioaz. Gizartearen aldaketak, ekoizpen moduen eraldaketak, kon-tsumo eta teknologiak langileak langile izateari uztea eragin zuten, eta orain halako masa zehazgabea bilakatu gara, nonbait irakurri dut, eraikitzeko ez, baizik eta ezezkoan manifestatzen garen masa. Beste krisi bat omen dator. Eta halaxe bukatuko omen da kapitalismoa, bere buruaz beste egiten. Hazterik ezak, zor sistemiko gero eta handiagoak, berdintasunik ezak gehi demokraziaren kudeaketa botere ekonomikoen eskuetan egoteak ekarriko dute ahuldadez sistemaren bukaera, ez baitu jada eskaintzen etengabeko aurrerabide kolektiboa. Ez diot nik, Wolfgang Streeck (Nola bukatuko da Kapitalismoa?) ikerlariak baizik. Beste krisi bat dator, presta zaitezte. Badakizue nork pagatuko duen.