KRISIALDI ekonomiko berria omen datorkigu. Ekonomiaz arduratzen diren handikiak eta politikari harrapariak ez dira beldur, horiek diruz beterik dituzte poltsikoak, eta pentsioekin eta erretiroarekin zer gertatuko den bost axola zaie. Marka ezagun bateko maila altuko mandatari batek ia hirurehun mila euro kobratzen ditu urtero, ez dakit zenbat bider gehiago bertako langile batek baino. Ez al da lotsagarria?

Duela egun batzuk irakurri nuen, pertsona aberatsen kopuruak tai gabe egiten duela gora. Espainiako aberats taldea dezente hazi da, horiek milioi bat dolarretik gora izaten baitute bankuko kartilan (edo auskalo non), eta horrek aberatsen eta txiroen arteko aldea handitu egiten du, elkartasunari eta justizia sozialari atea itxiaraziz. Izan ere, Europar Batasuneko herri koadrilan Espainia da parekotasun gutxien duen laugarren herrialdea, eta aberats eta txiroen arteko desoreka gehien puztu duen bigarrena (aurretik, Bulgaria). Eta beste datu beldurgarri bat, Oxfam Gobernuz Kanpoko erakundearen arabera, Espainian pobrezia eta aberastasuna heredatu egiten da.

Ezberdintasun sozialak gero eta nabariagoak dira; pobrezi eta estualdi sendo eta beharrezkoa ikusten da inguruan, eta elite ekonomikoak txanponak eta txanponak sartzen ditu bere txerri formadun diru-lapikoan.

Handi-mandikien mega-enpresak diru iturri agortezinak dira, irabazi gordin eta garbi sinestezinak hartzen dituztenak, superabit estratosferikoak ematen dituztenak, ametsezko diru-gehikuntzak sortzen dituztenak. Adibidea, honako hau: lehen bederatzi hilabeteetan Iberdrolak 2.517 milioiko mozkinak lortu ditu, hots, joan den urtean baino %20 gehiago. Bi mila milioi baino gehiago!!!! Zer egiten du diru horrekin guztiarekin?

Ondo legoke jakitea, benetan kantitate horiek nondik sortzen diren eta nora doazen, ni, ezjakin hau, aho bete hortz bainago, zifretan galdurik. Egungo eredu ekonomiko kapitalistak bidegabekeriak eta desorekak baino ez dakartza. Premiazkoa da masa globalaren ongizatean prentsatzen hastea, irabazien errekorrak txalotu gabe.