GEURE instituzioek geu eroso bizi gaitezen nahi dute. Onena opa nahi digute, eta ongizatean oinarrituriko bizimodu erraza edukitzea nahi dute. Gero eta hurbilago daukagu dena, eskuragarriago, paraje exotikoak edota aise kurri-tzen direnak badira ere. Duela gutxi irakurri dut Delikako arroilan bide berde bat egokitu nahi duela bertako Aldundiak. Hor inguruan Nerbioiko ur-jauzi paregabea dago. Badira bidexkak haraino heltzeko, baina ez omen daude hain erabilgarri jende masa globalizatuarentzat, eta horrexegatik mendizaleek erabiltzen duten ibilbidea egokituko du Delikatik abiaturik.

Botepronton harrigarria iruditzen zait mendizaleek erabilitako bidexkak populu osoarentzat zabaltzea eta domestikatzea. Ardurenean, horrelako obrek ingurumenean aldaketa sakon negatiboak eta suntsiketa dezente ekar-tzen dituzte, inpaktu bisual handiarekin. Horrelako kasuetan bideak zabaldu egiten dira, malda naturalak kendu, eta harriz bete-tzen dira (porlanez ez bada), horrelako tokietan ibiltzen eskarmentua ez duen edonork ibilalditxo naturalak burutu ditzan. Hau da, natura zeure esku jartzen da, gizakiari begira atondu, hezi egiten da, eta horrela maneaturik hurbilago izango duzu, ahalegin minimorik egin gabe. Hori bai, zurekin batera jende paketa izango duzu ondoan, guztiok gauza bera ikusteko xedez.

Badirudi Nerbioiko ur-jauziaren behealderainoko tarte horri sei kilometrokoa izango dela, eta aipatu bezala, “sarbideak hobetu, eremu batzuen landaredia lehengoratu, sastrakak kendu, zorua egokitu, seinaleak jarri eta ibaia zeharka-tzeko pasabide berezi batzuk jarriko dira”.

Horrek guztiak bigarren parte bat ere izango du. Seguruenik, aisia-guneak ere eraikiko dira, eta mahaiak, jesarlekuak, iturriak eta zaramaz arin betetzen diren paperontziak ere jarriko dira. Eta dena gutxi balitz, Aldundiaren proiektuak beste ideia harrigarri bat proposatu du: 60 metro luze izango duen zubi tibetar handi bat eraikitzea.

Naturan dugun eragina gero eta kontrolagaitzagoa da, eta guztiok gara errudunak. Zoritxarrez.