Zenbat gauza dauden egunean behin egin beharko genituzkeenak? oin azpiak masajeatu, ortzemugari begira bi minutuz egon, gurasoei deitu, bularrak miatu, etxerako eskailerak igo, seme-alabei kalitatezko minutuak eskaini, eguneko albistegia birpasatu, txortan egin, malgutasun ariketak? gauza guztiak dira onak eta egin beharrekoen artean sartzen ditugunak. Ez inork agintzen digulako. Onak direla sinetsita gaudelako baizik. Eta, orain, Codesysntax-ek beste asmakizun bat ekarri digu eguneroko eginkizun horien artean errege-erregina izan daitekeena: “Egunean behin” aplikazioa. Gure burmuina astintzeko, adrenalina igo-tzeko, bakarka zein taldean aritzeko, eta euskaraz ere ondo pasa-tzeko jolasa. Egunean behin sartu behar duzu aplikazioan. Hamar galdera egingo dizkizu aplikazioak, kultura orokorraren gainean. Hiru erantzun posible eskainiko dizkizu eta zuk, ez bat, ez bi, di-da batean erantzun beharko duzu. Egunean behin. Eta hurrengo egunera arte, zure bizitzarekin jarraitu.

Erantzun gehien egoki ematen eta bizkorren aritzen denarentzako da asteroko saria. Eta gainontzekoak ere nola doazen ikus dezakezu. Lehia sortzen da ezagunen eta ez hain ezagunak direnen artean. Baina denek dihardute euskaraz. 50.000 inguru erabiltzaile ditu dagoeneko. Txapelketa bat ere egin da, jada, Azpeitin. Eta Kike Amonarrizek, Topaguneko lehendakariak, bota du enbidoa. Hurrengo txapelketa Donostiako belodromoan egin behar omen. Belodromoa betetzeko lain, bai?

Ni sartu naiz aplikazioan. Nahastu ditut etxekoak, lagunak, lankideak?. Talde ezberdinetako kide izan zaitezke. Talde bakoitzak bere dinamika baitauka.

Kontua da, “egunean behin” aplikazioan sartze, endredatze, bozkatze, lehiatze eta aritze honek minutu bat kentzen diola zure eguneko jardunari. Minutu oso bat! Minutu hori eskaintzea erabaki duzulako aukeratu dituzun taldekide horiekin egoteko, sarea handitzeko, zeure buruari plazerrezko minutu bat eskaintzeko? euskarari ere ondo pasatzeko plaza bat eskaintzeko. Ala alderantziz da?