Lau aste doi, apirilaren 28tik maiatzaren 26ra. Ezta hilabete ere, hauteskunde orokorretatik Foru Parlamentuko eta udaletako kideak aukeratzeko bozketara. Ahantzi gabe, maiatzeko azken igandean Europarako ordezkariak ere aukeratuko ditugula. Hurbil. Hurbilegi. Hauteskunde orokorren izaera “nazionalak” bertzeak kutsatzen ditu, Estatuaren eremuko futbol zelaian jokatzen ez dutenen kaltetan. Beren jarduera halako autonomia erkidego bat edo batzuetara mugatzen duten indar politikoek zailagoa dute ikusgarritasuna irabaztea Moncloako jauregiaz jabetzeko lehiaren erdian. Areago, aurtengo zurrunbilo politikoan. Madrilen gauza franko daude jokoan eta dema horrek isla izanen du Iruñean. Ulertzekoa da, beraz, Uxue Barkosek aldaketaren zerrenda bakarraren alde egin duen proposamena. Ahal Duguk eta Ezkerrak berehala egin diote uko. Eroso daude Estatu mailako bozetan. Lehendakariak berak ere ez zuen ustekaberik hartuko, egiazki ez baitzen haiendako proposamena, EH-Bildurendako baizik. Honek ezezko biribilik ez emateak halako itxaropen bat piztu du aunitzengan, ezker abertzale berritua eta Geroa Bai zerrenda bera bulkatzen ikusiko ote ditugun heldu den apirilean. Euskal Herrian sinesten duen Nafarroa ordezkaririk gabe dago Podemosen hastapeneko zirimolak Bilduri eta Barkosen koalizioari diputatuak kendu zizkienetik. Batasunaren aldeko deiak, bertzalde, sustrai sakonak ditu abertzale aunitzengan, ezker nahiz eskuin. Legegintzaldi osoan, Parlamentuan nahiz udaletan bi indar horien artean izan den sintoniak ahalbidetzen du zerrenda bakarra. Hain garbi ez dagoena da horrek mesederik eginen ote duen berehala etorriko diren foru eta udal hauteskundeetan, bata hautesle zentristaren bila abiatzen denean, eta ber-tzea boto emaile ezkertiarra bereganatzen saiatzen delarik. Polita dirudi, dena dela, arrisku guztiengatik ere.