Nafarroako Gobernuak bere logoa aldatzea erabaki zuen lehengo astean. Barkosek ezarri zuenak euskal izenari ematen zion lehentasuna. Chivitek onetsi berri duenak, berriz, gaztelaniazkoari. Euskaltzaletasunaren ikuspegitik, atzerapauso nabarmena. Sanzen eta Barcinaren garaietan, ordea, euskara arrastorik ez zen gure erakunde nagusiaren logoan. 2019ak Aldaketa hitza desagerrarazi du Nafarroako politikaren hiztegitik. Uxue eraman eta María ekarri zuenekoa izanen da gaur bere hondarrera ailegatuko den urtea. Foru Komunitateak izan duen lehen lehendakari abertzale eta euskaldunak jarlekua utzi behar izan dio ez abertzale ez euskaldun ez den bertze lehendakari bati. Zorionez, ez gara UPNren garai ilunetara itzuli. Lehendakaritza galduta, Geroa Bai ez da jadanik eragile printzipala, baina bere hiru kontseilarien bitartez, euskaltzaletasunak segitzen du izaten Nafarroako Gobernuaren politiketan eragiteko ahalmena. Gure Parlamentuan, bertzalde, Euskal Herria Bildu indar politiko funtsezkoa da beti. Maiatzeko emaitzek iragarri ez bezala, 2019a izanen da sozialista espainiarrak ezker abertzalearekin negoziatzera jarri eta gauzak adosten hasi zireneko urtea. Horren ondorioz, GALen alderdia ETAren alderdiaren sostengua izaten ari da Iruñean gobernatu ahal izateko. Madrilen ere berdintsu gerta daiteke egun gutiren buruan, Sanchezen zorioneko inbestiduran. Horrek PSOE harrika-tzeko aitzakia bat gehiago eman die Nafarroako nahiz Espainiako eskuin mediatiko eta politikoari. Hala ere, sozialistek ez dute gibelat egin. Adierazgarria da, indarkeria politikoaren aroa politikoki amortizatutzat jotzen du Estatuan boto gehien dituen alderdiak. Eta, urtea biribiltzeko, atzoko albistea: EAJk, Olentzeroz jantzi, eta Trafikoaren gaineko eskumenak ekarri dizkigu nafarrei. Zenbat aldaketa, Aldaketa ehortzi zeneko urtean.