Korsikan izan ginen duela zenbait urte. Ez zait atzenduko hango bazterren ederra. Ezta zer ikusi genuen ere souvenir denda batean, ferrytik jaitsi eta Bastia hiriburura ailegatu berritan: kamiseta bat salgai, Uharte Berdearendako independentzia eskatu ez ezik, morroi kaputxadun bat ere erakusten zuena, kalaxnikov eta guzti. Hemen, gisa bereko oroigarri bat pentsaezina zen ez turistendako saltokietan ez bertze inon, ezta gaur egun ere, gure independentismo armatuak erretiro ofiziala hartu duenetik bi urte beteko direlarik. Terrorismoaren apologia ez dute berdin hartzen Frantzian eta Espainian. Zer esanik ez Erresuma Batuan, non, troubles-en garairik latzenetan, IRAren aldeko elastikoa soinean jantzita pasea baitzintezkeen Derryn edo Belfasten barna, legea urratu gabe. Hemen, aldiz, edozein iritzi-emaile joan zitekeen kartzelara, apologia leporatuta. Gaur egun ere, Espainiako Estatuan, sare sozialetan erregeren, poliziaren edo erlijio katolikoaren kontra jotzea zer kario paga daitekeen ederki dakite zenbait txiolarik, raperok edo antzezlek. Balantza orekatu nahian-edo, bertzelako iritziak ere zigortu nahi ditu orain Madrilgo gobernu berriak. Frankismoaren apologia legez kanpo egon daiteke hemendik labur. Batzuk ikaragarri poztu diren arren, ez diot kontuari abantailarik ikusten. Eta ez bakarrik debeku gehiagoren atari izan daitekeelakoz orain oposizioan daudenak agintera itzultzen direnean. "Iritzia ez da delitu" aldarrikatu dugu "gureak" ataka txarrean egon direlarik. Nola defendatuko dugu kontrakoa gurekin bat heldu ez direnendako? Adierazpen askatasunak ideia guztiak babesten ditu, baita gai-tzesgarritzat, gorrotagarritzat eta salagarri-tzat ditugunak ere. Aburu bakar batek ere ez luke legez kanpo egon behar, ezta zehapenerako bide izan ere. Ez nireak, ez bertzeenak. Eta hori ez da progrekeria, zentzu hutsa baizik.