ehengo larunbatean egin zen, 16.15ean, Zumiriki filmaren euskarazko bertsioaren estreinaldia. Auskalo nork egin zuen orduaren hautapena, Ikuspuntu zinemaldiko antolakuntzak edo pelikularen zuzendari Oskar Alegriak. Bere buruarekin hainbertze apustu egiten duen lagun batendako moduko desafioa dirudi, hala ere, Baluarteko areto handienetariko bat betetzeak jaiegun bateko bazkalondoan, amua euskarazko produkzio bat izanda. Halaxe baitzegoen sala, gainezka, eta euskal kulturaren aurpegi ezagun ugari ikusleen artean; kantari, kazetari, musikagile, komikigile, idazle edo zinemagile. Bukaerako esku-zartek eta irteerako irribarreek eman zuten arrakastaren neurria. Handia izanen zen horrela ez izatea, Iruñekoak baino lehenago, Veneziako, Vienako eta Quebeceko zinemazaleak xarmatu baititu Zumiriki euskal filmak. Alegriak ez du ausardia eskas. Hala behar da, lau kamera eta lanabes ba-tzuk hartuta, Argako ibai bazterreko txabola batera bizitzera joateko eta han lau hilabetez gertatzen direnak, gertatzen zaizkizunak eta eragiten dituzunak filmatzeko. Hala, orobat, material horrekin, eta zaharragoko batzuk birziklatuta, proposamen zinematografiko bat aurkezteko, zeinean pertsonaia nagusia zu zaren. Desagertzen ari diren hitz, jende eta lanbideetan sekulako interesa erakutsi du Alegriak lehenagoko lanetan. Denboraren joanak urperatu duena berreskuratzeko nahiaz eta ahalaz ari zaigu Zumiriki-n. Memoriari, naturaren joan-etorriari eta, finean, bizitzari buruzko olerki ikus-entzunezkoa idatzi digu honela. Galeraren negarrik ez da. Itzal egiten duten bitartean irauten dute arbolek bizirik. Gainera, miraria gerta daiteke zenbaitetan: bidearen bihurgune batean Andre Mariarekin topatzea, adibidez, edo gaztelaniatik abiatuta euskarara ailegatzea, film honen erdal nahiz euskal bertsioan bezala. Ez da beti dena konpreni-tzen. Hori ere ederra da, ordea.