aría Chiviteri eta Bakartxo Ruizi inork ez zien erran noizbait berrituko zutenik Breznev errusiarrak eta Honecker ekialdeko alemaniarrak Berlin komunistan gerla hotzaren garaian elkarri emandako musua. Halaxe irudikatu ditu LKN marrazkilariak, elkarri ahoa jaten. Afixak ez du luzaz iraun. Nafarroako Parlamentuko forukiek urratu zuten, ongi azaldu ez den ekintzan. Itxuraz, Komunitateko lehendakaria iraintzen zuelakoan egin zuten txikizioa, inoren agindurik gabe. Ez da zehaztu, hala ere, zergatik zen iraingarria, gobernuburua bertze emakume batekin aho bete mihi itxuratzen zelako ala bertze emakume hori ezker abertzalearen bozeramailea zelako. Ez dago hain garbi, bertzalde, afixaren egileak zer mezu bidali nahi izan digun horrela irudikatu duelarik Alderdi Sozialistak eta Bilduk Madrilen nahiz Iruñean aurrekontuen gainean lortu duten akordioa. Adoste hori txalotzen dutenei halako goxotasun bat iradoki die, beharbada, musu horrek; halako ase behar presati eta lotsagabe bat, hainbertze urtetan etsaiturik ibili ondotik bat-batean elkarrenganako irrika sumatu duten bi maitale berantiarren artean. Akordioa bertze aunitzi lotsa-emangarri eta nazkagarri iruditzen zaienez, zilegi da pentsatzea horiei lotsa eta nazka baizik ez diela eragin delako afixak. Halako ironia bat ere ikusten ahal da, dena dela, artistaren lanean, kontuan hartuta bi protagonisten alderdiek berri-berriki arte zer defendatzen zuten. Begi-bistakoa da GAL sortu zuen PSOEren kasuan. Eta orobat nabarmena, ETAren sostengu izan den indar politikoarenean. Bertzeak saldutzat jo izan dituztenek 2 milioi euroren truke saldu dute orain beren botoa. Kontua berdinduko dute presoak euskal herriratuta; gehienak, bederen. Orain, inor ez dadila kexa EAJ ez delako jadanik prezio bat duen bakarra. Politika egitea nahi genuen. Politika egiten ari dira. Aho beteka.