nork ez du sobera nabarmendu nahi izan. Euskara ukitu ere ez da egin Nafarroako aurrekontuez PSNk Bildurekin lortu duen akordioan. Harritzekorik ez. Urte eta erdia du María Chiviteren gobernuak. Denbora horren erdian koronabirusaren soinupera dantzatu da administrazio nafarra. Zaila da, beraz, Uxue Barkosen agintaldia eta cintruenigoarrarena alderatzea. Hainbatek halako jarraipen bat ikusten du bi gobernuen artean. Navarra Sumako bozeramaileek horixe nabarmentzen dute oraingoa belztu nahi dutelarik, Barkosen hari beretik ari delakoan Chivite. Euskaltzale betaurrekoek bertzerik ikusarazten digute: PSNk Gobernuan irabazitako pisuaren hein berean galdu du euskarak lekua gure erakundeetan eta funtzio publikoan. 2015-19ko aurrerapausoak segidarik gabe gelditu dira Osasunbidean. Atzera egin da Hezkuntzan eta zerbitzu zentraletan. Egoera ez da hainbertze okertu Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren eskuetan gelditutako departamentuetan; horien itzala, ordea, urria da Gobernuaren osotasunean. Euskarabideak inoiz baino aurrekontu handiagoa du diru-laguntzak banatzeko eta planak egiteko, baina horiek noizbait zerbaitetan mamituko diren ez dago garbi. Erdalduntze orokorra gobernuaren marka berariazkoa dugu eta, gainera, gure egin dugu, neurri handi batean. Lehengoan hona zer adierazi zion Berriari Uxue Barkos lehendakari ohiak: "Euskararen inguruan, desadostasunak ditugu Geroa Baik eta PSNk. Oso sakonak? Ez. Baina egunerokoan, kudeatzen zailak bai. Zergatik? Gizarte barruan direlako". Esaldiaren lehen parteak zenbat jende asaldatu du. Nik dudarik ez dut euskararen inguruan Barkosen eta Gimeno edo Esporrin bezalako sozialisten artean dagoen leize sakonaz. Hain zuzen ere, halakoek lagundu dute Nafarroako gizartean gure hizkuntza dela-eta dagoen arrakala zulatzen. Arrakala hori konpontzeko pedagogia egitea tokatu zaio Geroa Bairi, Gobernuan eta Gobernutik. Pedagogia egitea eta diru batzuk banatzea ez daiteke izan, ordea, haren egiteko bakarra.