gande goizean astra-zenekatu ninduten. Zeremonia, Maristen ikastetxe zaharrean. Zeremoniakide, zenbait ehunka lagun, hartzaile, eta bertze dozenaka batzuk, emaile. Talde ugarienaren artekoetan denak kinta berekoak-edo ginenez, espero izatekoak ziren ikaskide edo lagun zaharren arteko topaketa beroak. Ez nintzen halako aunitzen lekuko izan. Solas guti eta zalaparta are gutiago aditzen zen ilara luzean. Urduritasuna, beharbada. Edo helburutik ez baztertzeko borondatea. Agian, aitortu nahi dugun baino diziplinatuagoak gara. Dena erran behar bada, antolakuntzak ere ez zion interakzioari bide handirik ematen. Ezagunen batekin min-tzatzen geldituz gero beti agertuko zen ardi-zakurren bat, errietan, bildots barreiatua artalderatzeko. Bertzalde, orratzarekin buruz buru egin baino lehen probatuak ginen, patio zaharrean euripean (Nafarroako Gobernuan inor ez bide da oroitu Iruñeko udaberriek erakutsi ohi duten mutur beltzaz txertategirako sarbideak finkatzeko tenorean). Zorionez, erauntsi bat baino gehiago behar zen hara bildutako gazte bulartsu kuadrilla gibelarazteko. Jende latza, nire belaunaldia. Inork ez zuen zer erranik izan, ezta guardasolik ekarri ez zutenek ere. Kanporatzean, argia nagusi jendearen begitartean. Pandemiak beldurti egin gaitu. Batzuk, tenorea baino lehenago zaharrarazi ditu, gorputzez eta batez ere buruz. Ez, ordea, osotara ergeldu. Paper berde bat eman ziguten, bertzeak bertze albo-ondorioez gaztigatzeko. Nik, bederen, halakorik batere ez dut sumatu lerro hauek idatzi orduko. Uztailaren 4rako eman didate bigarren dosirako hitzordua. Ez dut hutsik eginen. A-ze-nekatuen kofradiakoa nintzen eta astra-zenekatuena naiz orain. Bada alderik.