atzuek leherketa kolektibo baten gisara irudikatzen zuten musukoa eranzteko momentua. Halako streptease jendetsu bat, iji eta aja, non aho-sudurren xarmak eguzkitara aterako genituen eta, lotsa izpirik gabe, bertzeen begien juzkura emanen. Hainbertze desiratzen ditugun gauzekin hainbertzetan gertatzen zaigun bezala gertatu zaigu oraingoan ere. Irrikaz gainezka espero genuen unea ailegatu eta... deus guti. Ez da hain ikaragarria izan. Ez, bederen, amestu bezalakoa. Izatez, izan denik ere ezin segurtatu. Lehengo larunbata genuen aire zabalean zorioneko mozorroa ezkutatzeko eguna. Ez genuen gehiago egon beharrik. Sanchezen baimena argitaratua zegoen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Eta? Ez dakit lehen eskutik asteburuan Iruñean kontua nola joan den. Larunbatean eta igandean izan naizen bazterretan musu-gorritan ibili ohi izan da jendea, baita izurritearen beltzenean ere. Beharbada, ba-tzuek iragarri bezala iragan da gure hiriburuan: aurpegi biluzien besta, askatasun berreskuratuaren ospakizuna. Halakorik izan bazen, larunbat gaua igande goizera lerratzearekin hoztuko zen sukarra. Atzo, karrikan, gehienek jantzia zeramaten zorioneko musukoa. Hirutik bik, aise. Ñabardurarik ez, gainera, adinaren edo sexuaren aldetik. Muturra kopuru berdintsuan estaltzen zuten atso-agureek nahiz nerabeek, hogeita hamardunek zein erretiro hartu berriek. Ni neroni, musu-has kaleratuagatik ere, tapakia itzuli nion azkenik neure buruari, errezeloak hartuta burugabeegi jokatzen ari ez ote nintzen. Preso ohiak gara, kartzelaldi luze baten ondotik presondegiko epelera itzuli nahi genukeenak. Sakon sustraitu zaigu beldurra. Ez dugu ito nahi ibai ertzera ailega-tzeko puntuan gaudela. Luzerako dugu urte eta erdi zital honek utzi digun orbana.