auzak direna balira (Habanako Gaukaria)-ren harira egindako bideoan Joseba Sarrionandiak zergatik idazten duen arrazoitzen du: komunitate parte bateko sentitzen delako (euskal komunitatekoa ulertu beharko da). Argudio hori jasorik, zergatik idazten duen galdetzen dio bere buruari Angel Erro poeta zoragarriak Habanako Lorategia bere Berria egunkariko zutabean, biak ere, Euskal Herritik kanpora bizi direla, zehazten du nafarrak. Hauxe da, ironikoa beharbada, Erroren erantzuna: gay delako idazten du. Maddi Ane Txoperena kazetari eta idazle lapurtarrak Sarrionandiaren argudioa jaso eta euskal komunitatearen parte sentitzen dela aipatzen zuen Larrepetit zutabean.

Aspaldi da ez niola galdera egiten nire buruari. Sarrionandia eta Txoperenaren artean falta den belaunaldikoa naizenez, Tropelekoak bezala ezagutzen gaituzte, ausartuko naiz neu ere galdera erantzuten eta, aitortuko dut idatzi, gay naizelako idazten dudala, Errok bezala. Euskara, iruditzen zait, aukera naturala izan zen Arbizukoa izanda.

Kontua da euskaraz idazteak euskal komunitatekoa egiten nauen, zer idazteak ez nau gay komunitateko egiten, bestela baizik, gaytasunaren zauria (honezkero ez da ez eta orbain e!) arintzeko hasi nin-tzen idazten, jakinik, nire (ustezko) euskal komunitateko askok (ez denak) ez nindutela aintzat hartuko edo arraro egingo nintzaiela. Dena dela, behin idazten hasita, ondokoa bizio ezin utzizko bilakatu da.

Euskal sistema literarioan gauzak nola garatu diren ikusita, Tropelekoa izanda behin baino gehiagotan galdetuko diot nire buruari zergatik ez nintzen gazteleraz idazten hasi, eta, jada ez zait horren harrigarria egiten zergatik ez dudan gazteleraz idazten galde diezadaten, berdin arinduko baitzidan gaytasuna.

Kontua da euskal komunitatearen baitan dagoen eta harekin txirikordatuta dagoen sistema literarioa gero itogarriagoa iruditzen zaidala, eta, etorkizunik ezean, gero eta gehiagotan iruditzen zaidala alferrik ari naizela. Miresmenez gogoratzen dut Jokin Muñoz zeinak egun batetik bestera utzi baitzion idazteari, eta diotenez, ederki bizi baita. Ez dut adorerik. Horretan ere ez.