oroen pare. Hala ibili dira egunotan Madrilen bota duen elurtza ikaragarriarengatik. Kaosa nagusitu da beste behin Ayuso inuzenteak gidatzen duen komunitate horretan. Legealdi eta sasoi txarrak egokitu zaizkio gixajoari. Pandemiarekin estreinatu ziren bertan, beste toki batzuetan egiten ez ziren bezalako konfinamendu bereziak eginez. Gero aieneka hasi ziren kontua gaizki atera zitzaielako, eta gobernuari errua leporatzen hasi ziren. Eta orain negua etorri da, eta badirudi tanpez, abisatu gabe, etorri dela. Meteorologia iragarpenak ez omen dituzte entzuten Espainiako hiriburuan. Jakina zen horrelako afrontu hotz bat etortzekoa zela, eta bularra puztu zitzaien eguraldi bihurriari aurre egiteko makinaria guztia prest bazutela esan zutenean. Kontua da ekaitza oso zuria izan dela eta maluta tona dezente utzi dituela kaleetan barna bertakoen desesperaziorako.

Eta ondorioz beste kolapso bat pairatu behar izan dute Madrilen. Kotxe guztiak elurretan loturik, bideak oro elurrez kargaturik, eta desgrazia eta drama kopuru zenbakaitza. Errua betikoek dutela esan berri du bertako andreak. Orain, hotzak bertan hartu du aterpe eta elur biguna izotz bilakatu zaie. Garraiobideak mukuru, ospitaleetara ezin joan, zerbitzu minimoak lanez lepo... Deskalabrua sakabanatu da lurralde osoan.

Dena den, ez dut uste trajedia hainbesterako izan denik. Madrildarrak ere libertitzen ikasi dute, horrela agertu dira telebistako albisteetan. Pala bat hartuta argazki lotsagarri bat ateratzeko ahaleginetan ikusi ditugu politikoak ere, bizilagunei auzolana eskatzen dieten bitartean. Auzo-lotsa galanta!

Makina bat irudi ikusi ditugu egunotan elurrarekin. Inpaktatu nautenak baina, ez dira mendietako zuritasunez josiak ikusi ditudanak, Europako mugetan eraiki dituzten ez-lekuetan edota kontzentrazio-esparru berrietan pilatuta elurpean eta miseria gorrian bizirauten duten migratzaileenak baizik, neguko hotzaz gain guregandiko hoztasuna jasatzen duten bitartean. Horienak sentituko ez ditugun bestelako tenperaturak eta elurrak dira.