Zirrikituetatik begira

Datuak eta datuak

28.01.2021 | 02:12
Juanra Madariaga

Dena da pandemia, gai oro birusaz, datuak eta datuak tai gabe, antigorputzak, herri gorriak, berdeak eta horiak, tasak eta portzentajeak, PCR probak, sintomak, positiboak, antigenoak, etxeratzeak, usaimenik ez... Gabonetako askatzeak ekarri du egoera gogor hau. Berriz ibiliko gara motelago kaleetan, beldurturik, batzuk etxetik irten gabe, hunkiturik jendea hiltzen ari delako kopuru handitan. Eta horrelaxe da, kutsatzeak larriagotu dira, eta laster batean mila kasutik gorako zenbakiak agertuko zaizkigu normaltasun osoz Euskal Herriko zati honetan.

Txertoaren mirakuluaren zain dago mundua, baina benetako afektibitatea erabat frogaturik gelditzen den arte, zenbat denbora pasatuko da? Mantra baten moduan errepikatu dute aurtengo udan populazio ia osoak txertoa harturik egongo dela, baina prozesuak hartu duen abiadura ikusita nekez beteko dira ezarritako epeak, eta tarte horretan, adituek deitoratzen duten moduan, beste mutazio berri batzuk agertuko dira.

Berehala azaldu dira multinazional farmazeutiko ahaltsuak esanez Hegoafrikan edota Erresuma Batuan agerturiko birusaren aldaera berrien aurka balio osoa badutela eurek produzituriko txertoek. Zer esango dute, bada? Geroak esango du benetan eraginkorra izan ote den ala ez. Halarik ere, eta kontuan harturik axolagabekeriaz lurrari egunero eragiten dizkiogun lintxamendu eta kalte neurgaitza, dakiguna da birusaren hibridazio eta garapen berriak agertuko direla seguru, eta daukagunarekin borrokan aritzen garen bitartean, etor litekeenaren nondik norakoak aztertzeari ekin beharko liokete aditu eta zientzialariek, benetako izurria prebenitu eta ahalik eta lasterren kontrolatzeko.

Dena den, hamaika ikustekoak jaioak gara, eta dosiak saltzen dituen konpainiaren bat azpijoko eta jukutria perbertsoetan ari omen da, eta Europarekin adosturiko merkantzia ez du bideratuko salmenta garestiagoren bat lortu baitu. Enkante denigrantean, preziorik onena nork ordainduko dabiltza osasungintzaren merkatua, konpañero!

Betiko lez, aberatsen desio lotsazkoak pobreen ohiko miseriak.

Más información