z naiz oso baikorra. Gaitz erdi. Bestela etsia zeharo hartuta egongo nintzateke txertaketari buruzko azken berriak irakurri eta gero. Badirudi ezetz, urteko bigarren hiruhilekoan ere Europako Batasunak ez dituelako jasoko adostutako edo erositako txerto guztiak: 380 milioi dosiren ordez, 300 milioi iritsiko dira, %20 gutxiago. 2019ko abenduan piztu zitzaigun itxaropena buru mukur ibili zen urtarrilean, dena geroko gerorako uzten ari zela konturatzen hasi ginenean. Otsailean apiriletik aurrera dena askoz hobe joango zela sinetsi nahi genuen, baina martxoaren hasieran udaren inguruan eraiki ditugun fantasiek (nik neuk eraiki ditut) oinarri sendorik ez dutela gero eta garbiago ari da gelditzen.

Bitartean, ez dakigu zer gertatu den txerto errusiarrarekin, Europako Batasuneko erakundeek noiz onartuko duten, noiz iritsiko zaigun. Jakina, herrialde batzuk, ekialdeko Eslovakia eta Hungaria iritsi berri horiek, baina baita mendebaldeko Danimarka eta Austria iritsi zaharrek ere, Europako Batasunaz paso egin eta Errusiara edo Israelera jo dute txerto bila. (Bide batez, Israelen primeran omen daude, baina Palestina okupatuan itxialdia ezarri dute berriro). Europeismoa gero eta barregarriagoa da. Gainera, ikusi dugu dirudunek, infantek eta enparauek ez dutela inolako arazo estrategikorik, ez moralik, txerto errusiarra edo txinatarra jasotzeko, Emirerrietan edo behar den tokian; eta, jakina, ez dute inolako arazorik izango Kubara joateko une egokian txerto kubatarra zainetan senti-tzeko. Negazionismoa pobreentzat da; boikotak edo demokraziaren aldeko aldarrikapenak, berriz, komeni denerako.

Ursula von der Leyen andreak berretsi du helburua dela uda amaitu baino lehenago EBeko populazioaren %70 txertatua egotea. Baikorrak ongietorriak dira beti, edo ia beti. Dena den, Europako taberna baino ez diren herrialdeetarako, Espainiako Erresuma besteak beste, beranduegi izango da. Euskal Herria Europako jatetxe (mitxelin izardun edo izar gabe) bilakatu nahi dutenentzat ere berandu izango da. Eta, batez ere, beranduegi izango da gaixotuko diren guztientzat.