Zirrikituetatik begira

Biolentzia

13.05.2021 | 00:32
Gaza, israeldarren erasopean.

Izua barreiatzen da egunero gure begien aurretik. Batzuetan itxi egiten ditugu ez ikusteko, baina laborriak dirau. Ez dira egun hauek bozkariozkoak, inondik inora.

Mundua itota dago pandemiaren krudelkeriagatik eta hainbat herri muturreko egoera sanitarioan daude. India da adibiderik tragikoena. Kutsaketak egunetik egunera haziz doaz eta hildakoen zenbakia puzten da inolako urrikalpenik gabe. Nepal, ondoan dagoen arreba txikia, alarma gorrian ere badago. Covid-kasuak biderkatu dira azken asteetan eta herria erabat itxi du gobernuak. Turisten desesperazioa in crescendo doa, eta guztiek alde egin nahi dute herri zoragarritik.

Munduaren globoaren beste punta batean, Kolonbian, herria sarraskia pairatzen ari da. Bertako poliziak muturreko biolentzia erabiltzen du herritarrekin, eta handik heltzen diren datuen arabera, ia 40 gazte hil eta makina bat emakume bortxatu ditu (beti da polizia) amaierarik ez duen basakeriazko egoera horretan. Bitartean munduak ez du begirik han jartzen. Berdin da, betiko legez, urrunegi dago.

Badirudi aurrekoa bezain urrun ere badagoela Palestina. Israelgo Armadak Gaza bonbardatu du inpunitate osoz, eta hondamena berriz zabaldu du. Israelgo agintariek pandemia-egoera probestuz hainbat murrizketa ezarri zituzten eta horiek guztiek tentsioa areagotu zuten. Eta tentsiotik eraso militarretara pasatu dira.

Handik heltzen diren irudiak lazgarriak dira. Harrigarrienetakoa honakoa: Palestinarren tenplu bat erretzen ari zen bitartean, plaza bete israeldar saltoka, dantzan, su hura ospatzen, besteen tragediaren lepotik barre egiten eta gozatzen. Giza-miseriak ez du mugarik, eta estatu sionista eta genozida osatzen duten israeldarren artean are gutxiago. Egoera horretan, Israelek ez du onartu Nazio Batuen Erakundeak proposatutako su-etena, eta ez dituela bonbardaketak etengo adierazi du. Eta mundua isilik.

Hurbilago, faxistak etxeak hustera etorri dira, edonor jazartzera, eta gainera, udaltzaingoak bestelako desalojoak ere gauzatu ditu.

Biolentziaren adibideak eguneroko menuan ditugu, zoritxarrez gero eta sarriagotan.

noticias de noticiasdenavarra