gian nire leihotik sartzen den argiaren eraginez, edo egunak nola luzatu diren ikusteagatik, edo egunotan kaletik noala eguzkia eta haizea nire aurpegian sentitzearen ondorioz, irribarrea eragin zezakeen zerbait idazteko gogoa nuen. Gainetik pisua kentzen lagunduko zigun zerbait idatzi nahi nuen, gure bizitzari garrantzi pixka bat kentzeko gogoa nuen, txarra erlatibizatu eta edertasunaz gozatzekoa. Lore artean tximeleta arin bat bezala hitzekin jolasean ibiltzeko gogoa nuen, koloreei, usainei, erreparatu nahi nien. Espazio ireki bat agertu nahi nuen, lau hormen artean hainbeste denbora eman ondoren.

Baina bere emazteaz mendekatzeko alabak hil dituen gizon honen kasuak, letra larriz idatzitako patriarkatuaren adibide berri honek, ama batentzako ondorio okerrena izan duen mehatxu matxista horrek, ezinbestean, espazio itxi, estu eta itogarri batera bultzatu nau. Imajinatu dut zenbat emakume ari den une honetan bizitzen estuasun hori, zenbat emakume bizi den beldurrez bere etxean bertan, edo zenbat emakumek ez duen banatzeko erabakia hartzen umeek jasan ditzaketen ondorioen beldur direlako, edo zenbat umek ikusten duten egunero indarkeria euren etxeetan...

Gure etxea espazio itxi bat dela esaten dugu, baina espazio batzuk beste batzuk baino itxiagoak dira. Emakume batzuek dardarka ixten dute gauez etxeko atea barrutik, emakume batzuek etsaia dute etxean bertan eta eurekin egiten dute lo, eurekin gosaltzen dute. Ez dut amesgaizto okerragorik imajinatzen.

Hala ere, argia ikusi nahi dut eta ikusten ditut printza batzuk, adibidez, Basauriko herriak gay gazte bati egindako eraso homofobo baten aurrean izan duen erreakzio sozial horretan. Bidegabekeriaren, matxismoaren, botere-gehiegikeriaren, indarkeriaren eta intolerantziaren aurrean guztiok erreakzionatzeak bakarrik lagundu diezaguke gizarte honen norabidea aldatzen. Guztion borondatearekin bakarrik lortu daiteke etxe batzuetan, besteetan bezala, leihotik argia sartzea eta etxea bakean bizitzeko moduko leku bat bihurtzea denontzat.