skoeta askorentzat, gaur, lanera bueltatzeko lehenbiziko eguna da. Eta gaur ez bada, asteazkenean. Eta asteazkenean ez bada, datorren astelehenean.

Aurreko astean irakurtzen nion etxe honetako zutabegile bati, bi motatako pertsonak daudela: dena ezkor ikusten dutenak eta arazoa nola konpondu daitekeen pentsatzen jartzen direnak. Zutabe hartan jasotzen ziren hitzak behin eta berriro etorri zaizkit burura, urte oro, opor ostean, aurre egin behar izaten diegun lanturuak nola ekidin edo salbatu pentsatu behar izaten baitugu.

Batzuk badute joera esateko lanera bueltatzea “berriz ere zulora”, edo “ardiak bezala hesian”, edo “inuzenteak lez noraezean” ibiltzea dela. Asko erretreta hartzeko baldintzez galdezka entzun ditut, beste hainbat telelana utzi osteko egokitzapen plana zein ote den galdezka, badira oraindik txertoa jaso ezean beraien lan baldintzak aldatu egingo ote diren pentsatzen dihardutenak eta baita irailaren hasierarako utzi duenik urteko mediku azterketa, lanera buelta baldintza onenetan egiteko baina, ahal bada, egun bat edo bi beranduago.

Oporretan goazenean, “pilak kargatzera” goazela esan ohi dugu, geure buruak zuritu asmoz edo. Bueltan, ordea, oso gutxitan entzuten da lan-aldi berriari aurre egiteko zein nolako helburuak eta asmoak ditugun. Oporrek ezertarako balio izan ez balute lez.

Arestian aipatu zutabegileak esan bezala, zer gertatuko litzateke, lanera bueltatzean, benetan, zorionekoak garela sentituko bagenu? Zer gertatuko litzateke lanera bueltatzea aukera bezala hartuko eta landuko bagenu?

Ni neuri, ikasturte berria aukera gisa ikusten dutenekin aritzea gustatzen zait. Bultz egiten dutenekin. Urteak pasatu ahala, gero eta gehiago kostatzen zait tiraka aritzea, lana arazo lez bizi dutenen “makinaria olioztatzea”, alegia. Horregatik ekidin gura izaten ditut abuztuko azken egunak eta sarrera bigunak, hau da, munduaren akabera heldu zaienen zorigaitza leuntzen ibili beharra. Bakoitzak bere motxila behar du bizkarrean irailean. Lanerako tresnez betetako motxila.