enoknahi dugun altxorra da askatasuna. Eta guztion esku dagoena. Askatasunen aroan bizi gara eta askatasuna ereitea helburu duten herrialde miragarrietan. Pandemiari eta pandemia kudeatzeko hartutako erabaki askori, ordea, askatasun indibidual eta kolektiboen aurka jo izana leporatzen diegu. Hala izan baita.

Beldur ginen, era berean, itxialdiak eta askatasun askotarikoak murriztu dituzten neurriak laxatzean, herritarrek emango zuten erantzunaz. Agerraldi handiak espero genitzakeen, eguzkia atera ostean ere bukatzen ez diren jaialdi erraldoiak, taberna eta komertzioetan 24 orduz ez dutela ixten iragarri asmo duten kartelak zintzilikatuta (galdutako negozioa berreskuratu alde), eta futbol-zelaiak, teatroak, zinemak, plazak eta dantzalekuak jendez mukuru, galdutako orduak eta gozamena berreskuratzea xede. Ordenarik eta neurririk gabeko kaleratzea espero genezakeen.

Esan nahi baita, ordutegirik gabeko egunak, sarrera-mugarik gabeko ikuskizunak, besarkada infinituak edo jendetza kalean, besterik gabe, alderrai. Askatasunaren aldarrikapenak, ordea, badauka aurpegi teorikoa eta baita praktikoa ere, eta baita teoria aldarrikatu nahian praktika ez egokiak egitera garamatzana ere. Osasun ziurtagiria apartheid berria ezartzea dela argudiatzea edo ordu txikietan osasun neurriak zaindu arazi nahian eta jabetza publiko zein pribatuko higiezinen apurketak saihestu nahian dabilen polizia errepresioa ezartzen ari dela esateak, askatasuna ulertzeko eta bizitzeko modu ezberdinak ditugula adierazten du, ezbairik gabe.

Lekeitioko ez jaietako ez antzarretara ez joan ahal izateak (lekeitiarrak ez garenontzako), adibidez, gure askatasun bat baino gehiago ebasten ditu. Hala ere, gozatu nahiko genukeen jai hori ez zaigu betirako mugatu eta hartutako erabakien kariaz ez da desagertuko. Alta, ordezko plan bat prestatzea bezain erraza da, guztion askatasun egarria asetzea, besteen askatasun eta eskubideekin talka egin gabe.