Zirrikituetatik begira

Soldatak

09.09.2021 | 00:26
Soldatak

Ia modu ulertezineraino harritzen naute pertsonak batzuek, eta zer esanik ez, politiko batzuek edota enpresaburu batzuek. Egunotan gutxieneko soldataren igoera xumeari buruz ari dira hainbat ahots hedabide orotan. Denetarik entzuten da, baina kontu batzuk espantagarriak dira.

Soldata hori baino sei edo zazpi bider gehiago kobratzen duten soldatako boteretsu batzuek ez dela igo behar esan dute, ez dela une "egokia", oso urte gogorra pasatu dutela ("dugula" esan nahi zuten?) eta igoera eginez gero, enplegua deu- seztatuko dela berriz.

Harrigarria, ezta? Hiru soldatetan langile xume baten urteko diru guztia kobratzen duen tipo batek dio ez dela azken egunetan jasotzen duguna igo behar, ekonomiarentzat kaltegarria dela oso. Patronala beti egongo da langilearen alde!!!

Itzela da pentsatzea eurek 5000 euro inguru behar dituztela hileroko gastuei aurre egiteko, nahi duten moduan sos horiek xahutzeko, eta ia bi milioi langilek mila eurora heltzen ez den kopuruarekin pozik bizi behar dutela, oinarrizko gastuei aurre egiteko nahiko dutela, alaitsu, kementsu, bizitzaren errealizazio pertsonalean murgiltzeko.

Adibidez, langile arrun batek, agian, alokairuan bizi beharko du, baina alokairu horren prezioa bikoiztu da azken urteetan. Galdera sinplea da: gauza bera gertatu ote da soldatekin? Ez, eta gainera langile horrek erosteko duen ahalmena dezente galdu du. Europako datuek hala diote, Grezia eta Errumaniaren atzetik dabiltza langile pobreak Espainian, izan ere, munduko hazkundearen oparotasun eta dirutza lotsagarriak aberatsen eskuen artean lotu da. Boteretsuak versus pobreak, pelikularen izena? Bai, Kapitalismoa.

Eta gure inguruan kapitalismo agresibo horren gurasoak nortzuk diren badakigu, ezta? Hona hemen adibidea: Iberdrolak, Endesak eta Naturgyk 50 mila milioi baino gehiago eskatu dituzte Europako funtsetatik ehunka proiektu gauzatu ahal izateko (ekonomia eta finantzaren oligopolioren kutxa gotorra modu bikainean betetzeko).

Pedro Sanchezek ez du "inor atzean" utziko, ez eta jolasteko dituen lagun handikiak ere.

Más información

noticias de noticiasdenavarra