ntzun dudanez, Espainiako ejer-tzitoko hegazkinek ezin izan zuten Espainiako bandera koloretsua (kolore bi) zeru konkaboan marraztu, espainol bihotz beroen gozagarri. Antza denez, rojigualda desiratua errepublikanoago bilakatu zen lipar batez.

Une hori historiara pasatuko da, Espainiako Felipe erregeak zuen larritasunari ezin eutsiz zebilela. Oraingoz ez da argitu kontu lotsagarria, eta ahots batzuk hasi dira esaten Pablo Iglesias politiko ohiaren ekintza izan dela (kar-kar). Tamainako gezur horren buztana mozteko Iglesiasek berak esan du ez duela zerikusirik konplot horrekin. Halarik ere, batzuk errudunen bila hasi dira Feliperi aurpegia alaitzeko.

Joan den urtean ere erakustaldi ederra egin zuten Hispanitatearen egunean, eta paraxutista batek kale-argi baten kontra jo zuen, eszena hura ikusten ari zirenek larritasunari ezin eutsiz, berriz.

Bada aurten ere, beste polemika bat sortu da, baina oraingoan ez da izan soldadu hark lurreratzeko zeukan trebezia edota abilezia faltagatik, oraingoan koloreengatik izan da. Askok arin esan dute errepublikaren koloreak zirela haiek, eta ez espainolek asko maite duten beste horrenak. Egia esan argazkiak ikusita, nekez irudika daitezke betiko gorria eta horia, baina tira!, gutako asko, seguruenik, daltonismo prekarioaren mugan gaude.

Bitartean, gure herrialdean ez zen inolako ospakizunik egin; Hispanitatearen aldekorik behintzat ez, baina hainbat kolektibok beren eran ospatu nahi izan zituzten Ameriketan gertatu zen genozidioa edota Espainiako nazioak gurean egin duen triskantza. Eta hala, frankismoaren garaia gogoratzen duten eta gaur egun bizirik eta zutik irauten duten ikurretakoren batek lurra jo zuen.

Adibidez, Lemoako Ganzabal-Lemoatx gailurrean zutunik zegoen gurutze-ikur frankista bat lurrera bota dute. Harrigarria da, baina 1937an bertan ezarri zuten, frankisten garaipena gogorarazteko, eta gaur egun arte ez du inork kendu.

Horra hor, Hispanitatearen eguna bizi-tzeko modu oso diferente bi: koloreak daltonikoek bezala nahastuz, edota iragan faxistaren sinboloak eraitsiz.