spaldikoesaera dugu hitza hitz!, hurkoari ematen diogun berba bete egingo dugula adierazten duena. Euskaldunok harrotu egiten gara aitortzen digutenean gurekin tratuak lotzeko eskua ematea nahiko dela inolako paperik sinatu barik. Fidatzekoak omen gara. Badago harrotasun horren maila apalduaz uste duenik berbari ematen diogun garrantzia gure agrafia ezkutatzeko dela.

Halere, hitzek beste bide batzuk arakatzen doaz, beste itxura batzuk hartzen. Hitz eta hitz-segida labur eta biribilak erabiltzeko joera ugaltzen doa komunikabideen eta sare sozialen laguntza edo aitzindaritzarekin. Zenbat eta konplexuagoa izan gaia orduan eta gehiago ibiltzen gara titularren bila. Irakurtzeko nagikeria? Gogoeta sakonetan sartzeko beldurra? Presaka bizi gara, gai batetik bestera azkar igarotzea nahi izaten dugu eta horrek ideiak esaldi bat edo bitan laburtzera behartzen gaitu. Azkenean hitzak hustuta gera-tzen dira, adiera desberdinetan lausotuta. Horren adibide egokia da derogar, euskaraz indargabetu esan daitekeena.

Lan-erreformarekin lotu den berba horren azpian zer dagoen ezkutatu zaigu hainbat hilabetetan. Ez dugu jakin lehengo lan-erreformaren zein eduki aldatu/moldatu nahi den, zelan jasoko den alde inplikatuen egoera, zeintzuk diren etorkizuneko helburuak, hau da, XXI mendearen lehen herena amaitu ordurako beharko diren lan-profiletara heltzeko prestakuntza-konpromisoak eta zein-tzuk, Europarekin berdintzen joateko hobetu beharreko lan-baldintzak. Egunak eta asteak aurrera, derogar hitza bera bihurtu zaigu eztabaidagune eta kontu nagusia.

Egun hauetan ikasi dugu zertxobait. Badakigu Espainiako Gobernuak bat etorri eta erabaki duela zer eta nola egin nahi duen indargabetze edo derogazioa. Ez da gutxi. Horrezaz gain, badakigu kontratu kopurua urritu eta denboraldiak luzatu egin nahi direla eta sektorekako lan-hitzarmenak lehentasuna hartuko dutela. Oraindik badira berba-fetitxe batzuk baina badugu zertaz eztabaidatu hitz bakarretik gora. Bada zerbait.