RAIN gaur egun garrantzia handia har-tzen ari den ele zehatza da. Orain da unea, izan da COP26 horretan zabaldu den lelo itxaropentsua. Orain, eta ez beste inoiz; orain, frenoa zapaltzen ez badugu, etorkizuneko orain guztiak desagertuko baitira. Klimak, eta orokorrean gure mundu biribilak orain behar dute estrategia aldaketa erabakigarri bat, gerora bizirik segituko badugu.

Frenoaz ari garela, eta munduko topaketa horretan erabaki den gisan, badirudi ohiko kotxeen ekoizpenari frenoa jarriko diotela. Gasolina eta diesela konbustiorako erabiltzen duten automobilak desagerrarazi nahi dituzte 2035 urterako. Egia ote? General Motors, Ford, Mercedes Benz edo Volvo konpainia handiek ere bat egin dute konpromisoarekin, seguruenik irabazi eta etekin handiak eskuratuko dituztelako negozio horretatik. Izan ere, azkenean, dena baita negozio betikoentzat.

Ni nahiko ezkor naiz kontu horretan, ez baitaukat politikoengan inolako konfiantzarik. Modu batean edo bestean, 1992an Rion egin zen lehen bilera hartan sortu zen estrategia bera erabiliko dute orain. Dena ondo dagoela eta markaturiko ildo berrietan lan egingo dutela esango dute, eta gero... Datu bat: bilera hartatik hona berotegi-efektua sortu duen gas kopururik handiena aireratu da globoaren historia osoan baino gehiago.

Makina bat urtetan klima-bilera globalak egin dira, eta urte horietan guztietan gure lurra eta natura gehien kaltetu diren aroa izan da (antropozenoa). Argi dago gizakiok sortu dugun sistema kapitalista dela arazoa, eta horrexegatik ez da justizia klimatikoa ematen, kapitalismoak beste interes batzuk baititu.

Frenoak ere bizikletak ditu, eta zorionez gero eta gehiago dira mundu gaixotu honetan harat-honat mugitzeko aparailu xelebre hori erabiltzen dutenak. Baina politikoek ez dakite zer den hori. Hegazkin, yate, helikoptero partikularrak erabil dituzte Glasgown herrira heltzeko, edota segizio kopuru handia atzetik, guztiak kotxeetan sarturik.

Guztiok jabetu behar gara egoeraren larritasunaz, eta askotan esaten den bezala, gogorarazi: ez dugu B planetarik.