irusari aurre egiteko neurriak ditugu berriro ezbaian. Euskal erakundeak atzetik dabiltzala entzun behar izan dugu urtebete luzean, egoera kaskartu artean hartzen ez diren neurriak gero urri geratzen direla, herritarrei jaurtitzen zaiela errua edota pedagogia egokirik ez dutela garatu. Beste arlo askotan gertatzen den bezala, covidaren aurkako jardunean botatzen diren argudio batzuk norbere erantzukizunari uko egiteko azaltzen ditugu erosoago baitzaigu besteari leporatzea errua eta, beraz, bestearengan jartzea arazoen konponbidea. Eta aldi berean res publica kudea-tzeko erakunde eta herritar guztien partaidetza aldarrikatzen dugu.

Zientzialari, erakunde zein herritar gehienok lekuz kanpo harrapatu gintuen birus honek. Denok gogoratzen ditugu inozoak gineneko egunak. Iazko martxoaren 8a zen, igandez, emakumeen aldeko manifestazio erraldoia egin genuenean. Gutxira larrialdi egoera dekretatu zuen Jaurlaritzak eta laster batean etxeratuak ginen (ez denak, batzuk ez baitute etxerik).

Zientziaren lehen mezuetako bat gogoratzen dut. Koronabirusa zen hura, IHESA eragiten duenaren familiakoa eta antzera transmititzen zenez, musukoak ez ziren premiazkoak. Birusaren atzetik? Noski, berak joan baita erakusten bere izaera. Halere, azkar etorri ziren informazio zehatzagoak, prebentzio neurriak eta, batez ere, txertoak.

Esango nuke birusari aurrea hartzea dela arriskuak nabaritzea, gertakizun edo aisialdi-jardunak egokitzea edo baztertzea edo adieraztea zeintzuk diren -eta zergatik- erantzukizun berezia duten pertsona, talde eta erakundeak.

Birusaren mendi errusiarra ez da amaitu eta datorrena aurreikusita hartu ditu erabakiak Eusko Jaurlaritzak. Atzo arte birusari aurrea hartu beharra aldarrikatzen ibili eta gero badago uste duenik zauriaren aurretik benda jartzea dela Jaurlaritzak egindakoa. Badago baita, orain arteko iritzia aldatu eta gaizki ikusten duenik erantzukizunak partekatzea. Kritika horiekin proposamenik baletor, gaitzerdi.