uela astebete, 2022ko herri-aurrekontuak tarteko, alderdi politikoen txanda zela esaten nuen. Ordurako baziren covidaren aldaera berriaren zantzuak eta Euskadiko Auzitegi Nagusiaren ebazpena ere ezagutzen genuen. Kontu hauek badakarte euren atzea eta izango dugu aukerarik trasteoi eragiteko. Aurrekontuetara itzulita, astebete igaro da Talde Popularrak eta Elkarrekin Podemos-ek Legebiltzarrera osoko zuzenketa eraman zutenetik, EH Bilduk negoziaziorako jarrera erakutsiz erantzuten zion bitartean Lehendakariaren elkarrizketa eskaintzari.

Osoko zuzenketen esanguraz pentsatzen hasita, ez dakit errazkeriaz ez diren baztertzen aurrekontu-proposamenak. Talde politikoek sasoiz izaten dituzte diru sarrerak eta irteerak orekatuz egindako aurrekontuak, pertsonal gastuak, inbertsio propioak eta gizarte erakundeen inbertsioetarako laguntzak, zorpe-tzea eta zorren urtekako ordainketa eta beste hainbat xehetasun azaltzen dituzten kontuak alegia. Osoko zuzenketa gauzatu eta atalkako eztabaida publikoari uko eginez aurrekontuak baztertzea erabakitzen duenak arrazoitu beharko luke zeintzuk arlo edo ardatz ikusten dituen bidegabeko, kaltegarri edo goitik beherako iraulia behar dutenak.

Elkarrekin Podemos negoziazioa haustera eraman duen gaietako bat euskal enpresa energetiko publikoa ez onartzea izan da. Ze azterketa zegoen hitz potolo horien atzean? Zein zen helburua? Espainiako gobernuak ez du azaldu horrelako proiekturik, ezta ere apalago litzatekeen enpresa pribaturen batean parte hartzeko keinurik edo publiko-pribatu proiektu berriren bat bultzatzeko asmorik.

EH Bilduk bestelako jarrera erakutsi du oraingoan. Ulertu du euskal gizarteari XXI mendean aire berria ekarriko dioten proiektuak gauzatzen joateko estrategikoak direla aurrekontuok. Eusko Jaurlaritzak egoera honetan adostasun zabalagoak bilatzen egin duen esfortzua azpimarratu behar da gehiengo absolutua -hots, herritarren babes maila nabarmena- izanda ere. Nork esan zuen zurrunkeria?