izitzak, behin batean, Txilera eraman ninduen. Ia bi urte eman nituen han bizitzen, kale gorrian abandonatuak ziren umeak artatzeko eta laguntzeko hautu irmoarekin. Herri txiki batean bizi ginen eta bertako bizimoduaz errazki jabetu ginen. Une bereziak bizi izan genituen geografia mota guztiak bere barnean biltzen dituen herrialde luze hartan. Esperientzia horiek guztiak baturik sortu zen Txilerekiko geroko miresmena eta maitasuna. Eta poetak dioena egia den arren (nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak), han lotu zen gure bizitzaren zati sustraitu bat betiko.

Herrialde bitxi hura urrun badago ere, harremanetarako gaur egun ditugun teknologiak baliaturik, gertuago ezartzen zaigu hango guztia, eta bertan utzi genituen lagunengandik bertako egoeraren berri izaten dugu maiz.

Horrexegatik, egunotan bizi duten poztasuna gurea ere bada. Duela urte pare bat kaleetan bizi izandako liskarrak, eta gobernu desorekatzaileak sorturiko errepresio gordinaren bidez agerturako jarrera inpuneak (atxilotuak, hildako, bortxaketak...) eta bestelako gehiegikeriak atzean utzita, Apruebo Dignidad koalizioko Gabriel Boric hautagaiak hauteskundeak irabazi ditu Txilen. Jendea samaldaka atera da kaleetara ezkerraren garaipena ospatzeko eta garai ilunenei eta ultraeskuinari agur esateko.

Beraz, Txile ere politika ezkertiarrak sorturiko olatu demokratiko berrian murgildu da bertako beste herrialdeekin batera. Izan ere, alderdi irabazlearen programa sozialdemokrataren barruan feminismoa, alarma klimatikoa, justizia soziala edota gastu publikoa bezalako gaiak agertu dira aspaldiko partez.

Eta garaipenaren epizentroak lurrikara zabalduko du kontinente osoan zehar. Brasilen, Bolsonaro faxistak egindako deskalabruzko gestioa zalan-tzan jartzen ari da, eta seguruenik ondorioak paratu beharko ditu. Eta orain, Txilen zegoen Kast hautagaiaren zapuzteak ultraeskuinaren indarrak flakatu ditu orokorrean.

Aldaketa sakonaren garaiak heldu dira Latinoamerikara, eta Jarak kantatzen zuenari atxiki beharko diote: “A desalambrar, a deslambrar.”